Aldartea

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko api. 30a, 00:00

Emozioak egoera jakin eta zehatzari lotutako unean uneko erantzun afektiboak dira. Aldartea, berriz, egoera animiko iraunkorra da. Hortxe bien arteko aldea: bata neguko lorea da, besteak urte osoan dirau. Gertaera sozial eta politikoak ere izan daitezke emozio iturri. Asko oharkabean pasatzen diren arren, badira barrenak ziztatzen dizkiguten zenbait; pozarren, hunkituta, lur jota, atsekabetuta edo beldurrez uzten gaituztenak. Alabaina, gehienetan, sortu dituen gertaera atzean utzi ahala, emoziook urtuz doaz, desagertu arte. Osterantzean, denboraren joanean emozio bertsuak behin eta berriro sentituz gero, emozio horiek aldarte bihurtu daitezke, iraunkortu, alegia.

Azken asteotan izan ditugu Euskal Herrian kirioak dantzan jarri dizkiguten jazoerak. Batetik, askotariko sentipenak eragin zituen apirilaren 8ko ETAren armagabetzeak. Sumatzen zen Baionan jendea unearen garrantziaren jakitun zela. Ez atzera eta ez aurrera katramilatuta zirudien korapiloari, lan, irudimen eta ausardiaz erantzun zioten Bakearen Artisauek, baita gerora engaiatu ziren herritar guztiek ere. Ezina, ekinez eta konpromisoz egina. Nago, neurri handi batean, Iparraldean urtetan landutako aldarteak egin zuela posible armagabetzea horrela gauzatzea. Euskal Elkargoa sortu berritan, konfiantza eta elkarlanerako giroan, gizarte zibila izan zen ekimenaren gidari, erakundeetako ordezkarien babesarekin. Alabaina, artisauek eurek adierazi zutenez, Baionakoa mugarri izan arren, beste urrats bat baino ez luke izan behar, herri gisa aurrera egiten jarraitzeko beta ekarri beharko lukeen urratsa. Hortaz, ikusteko dago uneko emoziotik harago izango duen bilakaera.

Herri askotan galdeketak antolatzen dihardu Gure Esku Dagok. Albistegi eta solasaldietan parte-hartzearen ehunekoan jartzen ari dira arreta, baina ikuspegi horretan oinarrizko akatsa dago, galdeketak ez baitira bere horretan helburu, bitarteko baizik. Galdeketaren egunari barik, hurrengo egunari erreparatu beharko genioke, herri horietan galdeketa antolatu izanak utzi duen ondorenari

Baionako biharamunean bukatu zen 20. Korrika. Zein eta inoizko Korrika arrakastatsuena, non eta aldaketaren Iruñean eta Nafarroan. Euskaltzaleok hunkituta barne-barnean sentitu genuen eguna izan zen, eguzki eta giro alaiz jantzita. Korrikan inoiz baino jende gehiagok parte hartu izana ez da hutsaren hurrengoa, ezta ere Nafarroako eta Iparraldeko erakundeetan euskararen aldeko jarrera duten agintariak egotea. Hala ere, Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaileak adierazi duen bezala, Korrika jai hutsean gera ez dadin gogoeta egin behar da orain, hamaika egunez gure herriak gurutzatu dituen indarra praktikan euskararen hauspo bilaka dadin.

Bestalde, Etxarri Aranatzen eta Arrankudiagan hasitako bidetik, herri askotan galdeketak antolatzen dihardu Gure Esku Dagok. Albistegi eta solasaldietan parte-hartzearen ehunekoan jartzen ari dira arreta, baina ikuspegi horretan oinarrizko akatsa dago, galdeketak ez baitira bere horretan helburu, bitarteko baizik. Galdeketaren egunari barik, hurrengo egunari erreparatu beharko genioke, herri horietan galdeketa antolatu izanak utzi duen ondorenari. Alegia, ikustea ea prozesua bera aldarte sorrarazle izan ote den, balio izan ote duten aktibaziorako. Sugarra bizirik mantendu ezean alferrikakoa izango baita egindako lana.

Gure herriaren harilkatzean azken boladan gertatuko ekitaldiak dira jarritako adibideok. Kontua da, horiek guztiak gertaera isolatutzat hartzen baditugu, uneko beroaldi eta emozioan geratuko direla. Eta burumakur bolada luzea eman ostean, guk ere badugu emozio puntualetatik harago indartuko gaituen aldarte kolektiboaren premia. Izan ere, aldarteak ekintzara darama, eta egiturazko jardun iraunkorrek mugitzen dituzte errotak. Herri honek bere onena jada eman duela pentsatzetik, onena etortzear dagoela sinestera pasa behar dugu, eta horretan gogo betean eta gogotik aritu. Herri aldarte gabe, nekez izango baikara herri.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide