Zer iragan, zer etorkizunetarako?

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko api. 30a, 00:00

Anekdota apokrifo batek dio, eta Kristin Rossek Communal Luxuryn jasotzen du, Errusiako Iraultzaren hirurogeita hamahirugarren egunean, hau da, Parisko Komunak zutik eutsi zuen 72 egunen muga gainditu zuten momentuan bertan, Leninek dantza egin zuela elur gainean Neguko Jauregiaren parean. Irudi apokrifo horrek ilustratzen duen ideia ederki esplotatu zuen historiografia sobietarrak: Komuna huts egindako matxinada izan zela, eta haren akats barkaezinak zuzendu zituela iraultza boltxebikearen garaipenak. Nolanahi, ez da beharrezkoa Entziklopedia Sobietar Handiaren liburukietara jotzea logika hori ilustratzeko, zeinaren arabera, iraganeko borrokak baloratzen diren haien arrakastak eta porrotak neurtuz; izan ere, “pentsamendu kritiko” garaikidearen adierazpen ugaritan aurki dezakegu: “Komunaren lezioak” ateratzeko konta ezin ahala esfortzuetatik (zergatik komuneroek ez zuten Frantziako bankua asaltatu? Zergatik ez ziren prestatu berehala gainean izango zuten Versaillesko tropen erasorako?), Arthur Marwick historialariaren lanetaraino, zeina tematu zen desberdintzen 1968ko praktika politikoen artean “hutsalak” eta “emankorrak” izan zirenen artean; edo hurbilagoko adibide bat aipatzeagatik, M15arekin geroz eta ohikoagoak bihurtzen ari diren kontu-garbitzeak, plazetako mugimenduari atzera-begirako errietak egiten dizkiotenak haren ameskeria inuzenteek eta porrot argiek ez dezaten oztopatu azken garaipenaren bidea.

Kristin Rossek estrategia ugari darabiltza iraganeko borroken esperientzia biziarekin berriz konektatzeko. Protagonista izan zirenen hitzak eta ekintzak, imajinatu zituzten transformazio sozialerako aukerak, edozein mugimenduk garatzen denean sortzen dituen elkartruke eta pentsamendu sareak. Kontua ez baita iraganak guri lezioak ematea, aukera berrientzat baldintzak sortzea baizik

Konplikatua da Rossen obra ideia bakar batean laburbiltzea, baina haren lanen parte handi bat har daiteke pentsamendu kritikoa ulertzeko modu horren kontrako oposizio aktibo gisa, desmarkatze-ahalegin bat narratzaile orojakileen tradiziotik, zeintzuek iraganeko akatsak disekzionatzen dituzten, hartara etorkizuneko ekintza-ildoak zehazteko. Parisko Komunari edo 68ko maiatzari buruzko lanetan proposatzen digun zeregina ez da hain heroikoa, baina hain zuzen horregatik, askoz gehiago ahalduntzen gaitu: iraganeko borroketako “existentzia operatiboa” berreraikitzean datza, Marxen hitzak erabiltzearren. Rossek estrategia ugari entseatzen ditu borrokaren esperientzia biziarekin berriz topo egiteko, eta ez da aurretik zehaztutako emaitzetatik abiatzen edozein erresistentzia mugimendu logika malenkoniatsu batean birkokatzeko (hori egiten denean, nahita edo nahi gabe, bukatzen baita historia errepresentatzen kale itsuz betetako ibilera balitz bezala, non ez dagoen alternatibarik gertaeren garapenean). Haren liburuetan aurkitzen ditugu borrokaren protagonisten hitzak eta ekintzak, imajinatu zituzten transformazio sozialerako aukerak, edozein mugimenduk garatzen denean sortzen dituen elkartruke eta pentsamendu sareak. Communal Luxuryren hitzaurrean gogora ekartzen digun moduan, kontua ez da iraganak guri lezioak ematea. Kontua da aukerentzat baldintzak sortzea, Walter Benjaminek aipatu zituen “belaunaldien arteko paktu sekretuak” ikusgarri eta ulergarri egin ahal izateko. Ahalegin bat, azken finean, memoria materialista bat sortzeko, iraganeko borrokek posibilitatea izan dezaten oraina auzitan jartzeko lanean parte hartzen jarraitzeko.

*    Kristin Ross literatura konparatuko irakaslea da New Yorkeko Unibertsitatean. Hauek dira idatzi dituen liburuak: The Emergence of Social Space: Rimbaud and the Paris Commune (Verso, 2008), Fast Cars, Clean Bodies: Decolonization and the Reordering of French Culture (MIT Press, 2006), May '68 and Its Afterlives (University of Chicago Press, 2002) eta Communal Luxury: The Political Imaginary of the Paris Commune (Verso, 2015). Andrew Ross-ekin batera editatu du Anti-americanism liburua (NYU Press, 2004) eta hainbat obra kolektibotan parte hartu du, besteak beste, Democracy in What State? (Columbia University Press, 2011). Ez dago Rossen libururik euskaraz, baina frantsesez eta gaztelaniaz itzulpen ugari aurkituko ditu ingelesez moldatzen ez den irakurleak.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide