Ispilutxo, ispilutxo...

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko mai. 7a, 00:00

Ile urdinak ikusi zizkidan lehenengoz atea ireki nion batean. Nik arratoi bat ikusten dudanean izaten dudan erreakzioa izan zuen: izu deiadarra, eskua begien aurrean. Gure auzokoa zen, laguna, gizonezkoa, frantsesa, paraje hauetan lantzean behin piropo bat esaten zekien bakanetakoa. Egun hartan ile urdinak ikusi zizkidan, ikaratu egin zen. “Zuk ez dituzu, ala?”, galdetu nion. Hatz erakuslea ezpainen aurrean jarri zuen sekretua gordetzeko eskatuz: “Atera egiten ditut”.

Urte batzuk pasa dira ordutik, eta ugaritu egin dira nire ile urdinak. Lagun frantsesa urrun bizi da orain, eta ez nau ikusi behar. Beste batzuek ordea, egunero ikusten naute. Neuk ere ikusten dut neure burua egunero ispiluan, atzera bueltarik ez duen prozesuan sartuta.

Gainbeheraz idatzi zuen hemen Angel Errok duela aste batzuk. Gai potoloa da gainbehera; nik soilik bere alderdi fisikoari, estetikoari, begiratu nahi diot begietara ispilu aurrean. Arnasa sakon hartuz, bigarren begiratuan genero auzi batekin egiten dut topo. Eta genero auzi gehienetan gertatzen den bezala, ohiturekin hausteak eskatzen duen lanarekin. (Lana, pedagogia, solidaritatea, denbora...).

Follow your Nature, dio arropa marka baten aurtengo udaberri-udako publizitate kanpainaren esloganak. Mads Mikkelsen aktore danimarkarra da gizonezko modeloa, 50 urtetik gora ditu, kanpaina bereko emakumezko modeloak baino ia hogei gehiago. Oso naturalak dira bien argazkiak, eta Mads Mikkelseni ez dio ile urdinduak kalterik egiten. Barne oreka, sosegua, konfiantza azpimarratzen dute. Erronka zaila da, leunki esateko, hiriko afixetan irudi horren emakumezko baliokidea topatzea. Bestalde, falta zaizkigun irudi horiek produzitzea industriari dagokiola pentsatzeko bezain inozoa ere ez naiz.

Ohitura kontua besterik ez da, ez dut uste gizonezkoak hobeto zahartzen direnik. Gainbehera erabili baitut goian, baina zahartzeaz hitz egiteko eufemismotzat har daiteke kasu honetan. Gazte izateari utzi eta zahar bihurtu arteko bidean, gainbehera horretan, zahartze bilakaera horretan, nahi izanez gero, heldutasuna aurki genezake. Fruituetan, aldirik gozoena eta elikagarriena da. Susmoa dut sarritan gizonezkoak modu naturalagoan heldu izan direla aldi horretara. Eta naturaltasun horren puska bat oraindik irabazteko geratzen zaigula emakumeoi. (Adi, badaezpada ere errepikatu egingo dut alderdi fisikoaz ari naizela).

Milaka eta milaka gazte gerretan hiltzen ari diren bitartean, munduaren beste inguru batzuetan hasita daude pertsonengan zahartzaroa gelditu eta gazte bihurtzeko saiakerak egiten. Odol gazteari esker sagu zaharrak suspertzea posible dela frogatuta omen dago honez gero. Ez daukat bat ere argi noren eta zeren interesean ari diren ikertzen.

Gurea bataila txikia da, gizonezkoek boterea duten gizarte baten egiturekin talka egiten duena. Maitasun erromantikoak gizonezko eta emakumezkoen arteko amildegia handitu baino egiten ez duela uste duten feministek ez bezala, Eva Illouz soziologoak patriarkatua barrutik eraldatzeko indarra ere aitortzen dio maitasun horri. Maite gaituenak, maitasunak berezko dituen ezaugarrietatik abiatuta, garen bezala onartzen gaitu, gure hobe beharra bermatzen laguntzen digu. Finean, gure berdintasunerako borrok(et)an aliatua izateko erantzukizuna du.

Lehenengo, ispiluak bueltatzen digun irudia daukagu. Kanpoan, bakardadetik at, besteek bueltatzen diguten irudia heltzen zaigu. Besteak ere, ispilu ditugu baina.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide