Baikorrak izan behar dugu?

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko mai. 21a, 00:00

Kontatuko dizuedana ez diot inori esan sekula: “Alaba erditzen ari nintzenean, medikuak nire eskua hartu eta bere hankartera hurbildu zuen. Zakila tente zeukan”.

Zirkuluan eserita gauden hogei bat emakume txundituta geratu gara. Andrak 70 urte inguru izango ditu. Kataluniako herri batean nago, internetekin lotutako sexu indarkeria eta jazarpen egoeren aurrean beldurraren ordez jabekuntza sustatzeko beharrari buruz hitz egiten. Emakume taldea askotarikoa da, hiru belaunalditakoa (gazteenek hamabost urte dituzte). Konfiantza giro hunkigarria sortu da.

60 urte inguruko emakume batek kontatu du gazteago zenean bere lankide batek bera bortxatzeko saiakera egin zuela. Ondoren, 30 urteko bere alabak esan du berak ere sexu eraso bat gelditzea lortu zuela; auzoko bat izan zen erasotzailea.

“Ez ezazu ezezagunekin txateatu” bezalako aholkuek arriskua kanpoan kokatzen dute. Jack Destripatzailearen garaietatik, kaletik dabilen ezezagun krudel baten mamuarekin bizi gara emakumeak. Munstro hori saihesteko, gure autonomia eta askatasuna –sexu askatasuna bereziki– mugatu behar ditugu. Baina, egun jakin badakigu eraso sexista gehienak ezagunek eragiten dituztela. Ezagunak direnean, zailagoa da indarkeria hau onartzea eta salatzea: gizonak boterea edo ospe ona duelako, horregatik sinetsiko ez gaituztelako, herrian gatazka bat piztuko dugulako, berarekin maiz topo egingo dugulako.

Auzokoa, lankidea, amorantea, senarra, medikua (!), apaiza. Apaiza behin baino gehiagotan aipatu dute adineko andreek solasaldi honetan. “Tira, garai horretan nik ez nekien apaizaren magalean esertzea eta bere ukitu lizunak pairatzea sexu gehiegikeria zenik”.  

Solasaldian eztabaida piztu zen: baikorrak izateko arrazoiak ditugu? Nahiz eta emakume izateagatik gizon ezezagunekin ikara sentitu, nahiz eta emakume izateagatik ezagunen erasoei aurre egin. Baikorrak izan behar dugu isiltasun hori urratu delako, urratu dugulako?

Granollerseko diskoteka bateko komunetan, bi mutilek neska bat bortxatu zuten. Sare sozialetan jende askok neskari egotzi zion errua. Neska dantzan zebilela gizon batekin zein emakume batekin musukatzen hasi omen zen. Bere sexu askatasuna adierazteagatik bortxatu zuten, alegia. Ez harritu epaiketan defentsak  argudio hori erabiltzen badu. Gogoratu Nagore Laffageren hilketaren epaiketa

Baina albiste kezkagarri bat ere kontatu dute: orain dela hilabete bat, Granollerseko diskoteka bateko komunetan, bi mutilek neska bat bortxatu zuten. Sare sozialetan jende askok neskari errua egotzi zion. Neska dantzan zebilela gizon batekin zein emakume batekin musukatzen hasi omen zen. Bere sexu askatasuna adierazteagatik bortxatu zuten, alegia. Ez harritu epaiketan defentsak argudio hori erabiltzen badu. Gogoratu Nagore Laffageren hilketaren epaiketa.

Emagaldu bat izateagatik erasoa probokatu zuen. Hankak irekita erditzen gaudenean ere ginekologoa probokatzen omen dugu. Umeak garenean dagoeneko probokatzaileak gara eta gehiegikeriak desio ditugu. Tenerifeko apezpikuak 2007an eta Limako kardinalak 2016an halakoak esan dituzte. Ebaren jatorrizko bekatuaren zama daramagu.

Baina gaur egun halako jarrera, eraso eta zurrumurruetan matxismoa eta indarkeria identifikatzen ditugu. Sare sozialetan eta hedabideetan sexu onespenari buruzko eztabaida piztu da. Ezetza ezetz da leloa nonahi irakur dezakegu. Pasa den Sanferminetan emakume bat bortxatu zuen gizon taldearentzat hogeita bi urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak. Alabaina, La Manadak jarraitzaileen laudorioak jaso ditu interneten eta futbol zelaietan.

Hiru belaunaldik bizitako indarkerien memoria piztu dugu, baina ez gara biktima sentitzen. Isiltasuna, lotsa eta beldurrak astindu ditugu elkarrekin. Eskerrak horri buruz hitz egiten dugula gaur egun.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide