Literaturaren eta bizitzaren etika

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko eka. 4a, 00:00

Iazko urrian Iruñeko komisaria batean hil zen Elhadji Ndiaye gazte senegaldarra. Atxiloketa bortitz baten ondoren gertatu zen heriotza eta geroko manifestazio jendetsuan Black Lives Matter, Bizitza da handiena, eta Polizia ugari, justizia gutxiegi leloak ozen entzun ziren. Ekitaldi horretako argazki batekin hasten da Angela Davisen liburu hau euskaraz.

Has zitekeen ere larriki gaixo dagoen Oier Gomez presoa kartzelatik ateratzeko egon den mobilizazio sozialarekin. Edo azken LGTBIfobiaren kontrako manifestazioaren Donostiako kartelari begira: “Ez hemen ez inon. Txetxeniarekin elkartasuna”. Edo maiatzaren 19an Gasteizko Errekaleor auzo okupatuan Ertzaintza eta Iberdrola sartu zirenean auzokoek egindako erresistentzia eta sare sozialetan eta kalean jasotako elkartasunari erreparatuta.

Askatasuna lortzeko “etengabeko borrokan” engaiatu behar dugula azpimarratzen du egileak liburuko hamar ataletan bildutako elkarrizketa eta hitzaldietan. Jendartea eraldatzeko “estatuaren indarkeria estrukturala denez” aldaketa sistemikoak behar dira, eta horretarako masa mugimendua: jendea kontzientziatu, antolatu eta mobilizatzea.

Justizia soziala erdiesteko intersekzionalitatea dugu: borroken arteko loturak eginez, jendearen premiei begira, ez etekin kapitalistei. Izan ere, elkartasunak “mutualitatea” dakarrela dio, beraz, arrazakeriaz, matxismoaz edo klasismoaz ezin daiteke bereizirik hitz egin.

Era berean, ekintzari lehentasuna ematen dion arren, ideien eta hitzen inguruko hausnarketa egin behar dela dio, horregatik ikertzaile-aktibistei buruz hitz egingo digu, praktikarekin batera diskurtsoa osatu behar delako.

Hortaz, feminismoak erakutsitako “pertsonala politikoa da” eta Martin Luther Kingek esandako “bati eragiten dionak guztioi eragiten digu zeharka” gogoan hartuta, borrokak bateratzeko deia egiten du “elkartasun transnazional” baten bidez.

Fergunsoneko hilketa, kartzela industria konplexua eta Palestinaren zapalkuntza topatuko ditugu orriotan beste batzuen artean, iazko otsailean gurean “Kartzela eta Emakumea” jardunaldietara etorri zenaren eta iazko Durangoko Azokako nobedadeetan liburu gehien izan zituen egilearen eskutik (bere biografia, bere libururik ezagunena, jardunaldietako “akten liburua”, eta hemen aurkezten ari garena).

Sar zaitez Angela Davisen unibertsoan zu ere eta, Hedoi Etxartek dioen moduan, amestu, landu, eztabaidatu eta saretu, edo ekin eta pentsatu, hots, bietan jarrai. Literaturak ere baduelako epika, ez-fikzioa, saiakera. Estetikaren ondoko etika.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide