Bista zorrozteko ahalegina

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko eka. 18a, 00:00

Ez dira guretarik. Ezta gu bezalakoak ere. Alderantzizkoak ditugu, aldrebeskoak, kontrarakoak. Gure salbuespena araua da haiendako, eta haien araua guretako salbuespena. Gure araua haien salbuespena da, haien salbuespena gure araua.

A ereduak fama txarra du gure artean. Aspaldi handitik. Urtean behin edo bitan, euskaltzaleenek haren desagerpena aldarrikatu ohi dute Euskal Autonomia Erkidegoan. Nafarroan, hainbertzeraino gabe, ez ikusia egiten diogu. Ez balego bezala jokatzen. Ez da lan nekeza, ikusgarritasuna baitu eskas, hitza nolanahi ulertuta ere.

A eredua ez da inon nabarmentzen. Inork ez du aipatzen, hain gutxi goratzen. Seme-alabak eredu horretara bidaltzen dituzten aita-amek ez dute inoiz elkarterik edo bertzelako erakunderik sortu. Ez dute beren kezkak nola bideratu. Beharbada kezkarik ere ez dute. Haien irakasleek, bertze horrenbertze.

Erran gabe doa, A eredukoek ez dute festarik egiten, ezta urtean behin elkarretaratze erraldoirik ere. Euskaltzaleek ez dute maite. Eta euskaltzale ez direnek ere ez, Nafarroan bederen.

A eredukoek ez dute festarik egiten, ezta urtean behin elkarretaratze erraldoirik ere. Euskaltzaleek ez dute maite. Eta euskaltzale ez direnek ere ez, Nafarroan bederen

Egin zaion kritika nagusia arrazoi-arrazoizkoa da: A ereduak ez du inor euskalduntzeko balio. Nola Batxilergoan eman zizkiguten frantses ordu guztiengatik ere gutako gehienak ez ginen zerbeza bat eskatzeko gauza Donibane Lohitzuneko plazan, hala astean lau orduko eskolak ere aski ez izan ez A ereduko ikasleek kalimotxoa eskatzeko Leitzako gaztetxean.

Ez gaitezen, hala ere, hain harroputzak izan. Gurean ere zakur guztiek ez dute zapatarik janzten. D eredutik iragan diren ikasle ohi mordoa ezagutzen dugu denok, euskaraz lau esaldi elkarren segidan lotzeko ezgai.

Bertze batzuen kasua, gainera, okerragoa da. Haien ahotik ez da euskaraz sekula santan hitz bat ere aterako, beren gurasoek horrela erabakita. Gure hizkuntzaren arrastorik ez da Nafarroako ikasleen erdien ikasketa planetan, eta susmoa dut hori ez dela berehala aldatuko. Botoz, diruz eta kemenez oraingoak baino hornituagoa egon beharko du Nafarroako ikasle guzti-guztiak euskararen gutxieneko ezagutza baten jabe eginen dituen gobernuak. Euskarak arrotz izaten segituko du aunitzendako. Eta euskararekin batera, gu ere arrotz.

A ereduko ikasleak ez dira guretarik. Ezta gu bezalakoak ere. Alderantzizkoak dira, aldrebeskoak, kontrarakoak. Baina ez kontrakoak. Bertze batzuek ez bezala, badute astean lau aldiz leiho tiki bat irekia, eta handik gu ikusteko aukera. Lausoan baizik ez bada ere. Ordainean, guk ere egin beharko genuke bista zorrozteko ahalegina, haiei ez ikusia egiteari utzita. Hor daude, eta bidelagun izan daitezke. Lana nork egina dugu falta.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide