"Utopiaren fantasian", oraindik?

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko eka. 18a, 00:00

Mikel Zaratek Utopiaren fantasian liburuxka idatzi zuen 1979an. Horretan Umeen zentzuna ataltxoa dago, egileak berak “komedia barregarri ta (sic.) negargarri” gisa aurkezten duena. Ironia maisuki baliatuz, horretan aurkezten ditu euskaldunen zenbait portaera desegoki. Adibidez, helduek umeei euskaraz egin dezatela esan eta, aldi berean, beraien artean erdaraz dihardutela.

XX. mendean idatzitako ipuin horren egoera bera jasotzen du XXI. mendeko Posiktibity kanpainak ere. Ia berrogei urte igaro arren, orduko eta egungo pasadizoen arteko alderik nabarmenena euskarrian datza –liburua versus bideoa–, ez edukian edo esanahietan. Optimista eta pesimistaren arteko lehia gogorarazten du antzekotasun horren balorazioak: “Ez gara atzeraka joan ala ez dugu ezer aurreratu?”. Ez bata eta ez bestea, seguru asko.

Hamarkadotan lan sendoa egin da. Lortu dugu, hasteko, euskararen gainbehera eten eta –neurri batean– joera iraultzea. Hori izugarria da, izatez. Hizkuntza borroka honetan, burua lubakitik ateratzen hasi gara, baina gorputza zuloan dugu oraindik.

Lorpenekin jarraituz, euskalgintza –soziala zein instituzionala– ezagutza soziolinguistikoaz jantzi eta eskarmentuz jabetu da. Mugak eta ezintasunak oraindik ugariak diren arren, euskalgintza gertu dago euskarak, lubakitik atereaz, gizartea konkista dezan. Gizartea konkistatu, bai, hori baita duela berrogei urteko zein gaurko euskararen utopia.

Urrats berriak egiten hasiak gara. Adibidez, Egia eredu tankerako ekimenak ugarituz, euskararen erabilera hedatzeko modua aurkitu dugu. Tarra-tarra, bagoaz euskara lubakitik ateratzen.

Ekimen horiek baliotsuak direla jakin eta gero, motz gelditzen zaizkigu lekuan lekuko ekimen isolatu gisa. Orain, gakoa da euskararen erabilera gizarte zabalean areagotzea, ez soilik euskalgintzak eragin zuzena duen meneko guneetan, euskaratik lekutan bizi diren herritarrak ere jabetu daitezen hizkuntza horren errealitate eta balioaz. Hori lortzeko, euskalgintza osoaren bulkada sendoa ez ezik, beste eragile sozial askoren laguntza ere beharrezkoa izango da.

Bide horretan kokatzen da Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak, bi-biak eskutik hartuta, aurkeztu berri duten asmoa: “Euskarak 365 egun: hizkuntza-ohiturak eta gizarte aktibazioa Euskal Herrian eta elkarrekin lantzeko proposamen berria”. Ekimen horrek, duen dimentsio erraldoia tarteko, 2018ra arte ez du argia ikusiko. Egitasmo horretara euskalgintzako eta gizarteko eragileak bilduz gero, euskara lubakitik atera eta gizartea konkistatzen hasiko ginateke. Alegia, “utopiaren fantasian” gelditu ez, eta ametsa errealitate bihurtzen hasteko.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide