Ikastaldi baten kontaketa

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko eka. 18a, 00:00

Oso maite duzun idazle batek esaten du benetan idaztea gustatuko litzaiokeen liburu bat dela ixa, eta zer egingo diozu, bada, ez bada ixa liburu hori irakurri berehala, are ixa liburu hori literatura unibertsalaren klasikoetarik bada –eta puntu honetara iritsita, lotsaemangarria ere gerta daiteke literatura unibertsalaren klasiko hori orain artean irakurri ez izana publikoki aitortzea–. Lagun artean gaude, ordea, eta lotsarako tarterik ez da –bide batez, ze gutxi hitz egiten den hedabideetan gero eta gehiago, gero eta hobekiago euskarara itzultzen den literatura unibertsalaz, ezta?–. Nire deskarguan esango dut gainera, pelikula bai, pelikula bere garaian ikusi nuela –interes intelektual hutsagatik, noski–. Ondorioa: a zer aldea, pelikula eta liburuaren artean; liburuaren alde, bistan da.

Pelikula zentratzen baita nobelaren aspektu bat eta bakarrean: Vietnamen, 1930eko hamarkadako kolonialismo frantziarraren menpe, neskato zuri nerabe baten eta amorante txinatar helduago eta aberatsago baten arteko amodiozko harremanean, eta harreman horrek askatzen duen erotismoan –ez ahaztu pelikula ikustearen interes intelektual hutsa–. Baiki, eleberriaren gaietako bat da erotismo hori, zehatzago, desioa bera –“desioa da kontua, baieztatze-desioa, liberazio-desioa, bere osoan ezagutu nahi du bizia, porrota barne”–. Baina interes intelektual hutsagatik soilik justifika daiteke pelikula aspektu horretara mugatu izana. Ezen, bestela, eleberria askoz ere aberatsagoa, askoz ere konplexuagoa, askoz eta betegarriagoa baita. Erotismoa, desioa, sexuan hastea, sexuan haste inozo bezain perbertitua. Harreman hori, hamabost urteko neskaren eta merkatari txinatar gaztearen artekoa, berandu gabe debeku sozial eta eskandalu publiko bihurtzen dena. Jendearekiko harremana, orobat, adiskideekiko, nebekiko, batez ere amarekiko harremana: “Nire haurtzaroari buruzko kontakizunetan (…) esango nuke gure amarengana sentitzen genuen maitasunaz aritu naizela, baina ez dakit harengana orobat sentitzen genuen gorrotoaz aritu naizen, edota elkarrengana sentitzen genuen maitasunaz eta gorrotoaz”. Azken finean: “Ikastaldi baten kontaketa dugu, zalantzarik gabe, emakume izaten hasten den emakume batena”.

Rosa de Diegoren hitzaurretik, berriz: “Maitalea, 1984an Goncourt saria irabazi zuena, mugarri dugu Marguerite Durasen idazkuntzan, bai izan zuen arrakastagatik, baita bere literatur bilakabidean idazkera autobiografikoaren bidea ere abiatu zelako”. Oso maite duzun idazlearen literaturarekin batere zerikusirik ez duena –eta akaso horregatik gustatuko litzaioke benetan idaztea, ezin idatzi izango duelako sekula–, baina irakurketa-maila bat baino gehiago eskaintzen duelako –ados, interes intelektual hutsagatik ere bai– irakurtzea merezi duena.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide