Zimurrak

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko eka. 25a, 00:00

Kataluniako Critic egunkarian nire liburuaren harira (10 ingobernables, historias de transgresión y rebeldía / Libros del K. O.) egin didaten sakoneko elkarrizketa argitaratu dute. Oso harro egon beharko nuke. Eta banago. Baina onartu behar dut, argazkiak ikusterakoan sastada bat sentitu nuela. Itsusia baino, nire aurpegia zaharkitua ikusi dut.

Feminista izateak eskizofrenia puntu bat dakar. Aginte sexistak zalantzan jartzeak ez du gure garunetik kanporatu ditugula bermatzen. Aingeruaren eta deabruaren ordez, buruan beste bi ahots ditut nire arreta mantentzeko lehian. Elkarrizketaren hitzordura joan nintzenean, nire aingeru feministak hauxe esan zidan: “Zure diskurtsoa da garrantzitsuena, ez ezazu denborarik galdu makilatzen. Zu zeu zaren bezala agertu”. Baina argazkiak ikusi nituenean, genero poliziaren deabruak ozen dio: “Makilatu izan bazina, zimurren kontrako krema erabili izan bazenu, ile zuriak tindatu bazenitu...”

Gizonek gero eta gehiago pairatzen duten gaztetasunaren eta estetikaren tirania kapitalista zama historikoa da emakumeontzat gaur egun. Diskurtsoa argi daukat eta nire liburuan luze azaldu nuen, Pierre Bordieu eta Naomi Wolf bezalako egileen eta lodifobiaren kontrako hainbat ekintzaileen eta taldeen (La Cerda Punk, Stop-Gordofobia, Ramonak) hitzak erabiliz. Emakumeok haurtzarotik ikasi dugu irudikapen heterosexualaren arabera ederrak, argalak eta gizonentzat desiragarriak izan behar dugula. Emakumezko aktoreekin, politikariekin, kirolariekin agertzen diren komentarioek etengabe gogorarazten digute gure gorputzak epai publikoaren mende daudela.

Feminista izateak eskizofrenia puntu bat dakar. Aginte sexistak zalantzan jartzeak ez du gure garunetik kanporatuko ditugula bermatzen. Aingeruaren eta deabruaren ordez, buruan beste bi ahots ditut nire arreta mantentzeko lehian

Nikaraguako komunikatzaile María Félix lodiaren analisia ekartzen nuen: “Gure itxurarekiko kezkak diru, denbora eta buru-lan inbertsio handia dakartza, eta emakumeak sozialki desaktibatzeko modu bat da”. Gu desaktibatzeko ez dugu erasotzaile edo zapaltzaile zuzenik behar. Guk geuk gure osasun fisikoa eta emozionala, gure askatasuna, zoriontasuna eta boteretzea kaltetzen dituzten neurriak hartzen ditugu: dietak, kirurgia, takoi altuak, astindu psikologikoa. Indarkeria sinbolikoa deitzen zaio horri.

Andrea Momoitiok artikulu ausart batean onartzen zuen diskurtso feminista barneratuta izan arren, oraindik ere loditzearen beldurrarekin bizi dela: “Emakume guztiok gure gorputzarekin daukagun amodio-gorroto harremana guda sozial bat da, nahiz eta norberak bere buruaren kontra borrokatu”, azpimarratzen zuen.

Fatema Mernissi Marokoko idazlearen esanetan, arabiar munduko emakumeak kontrolatzeko espazioa erabiltzen du patriarkatuak (esaterako, etxetik kanpo beloa erabiltzeko agintearen bidez). Emakume europarrak kontrolatzeko, ordea, denbora erabiltzen du patriarkatuak: gazteak ez diren emakumeak ikusezin bihurtuz.

Gure gorputzekiko bigilantzia eten nahi dugun arren, gure zimurrak, ile zuriak eta kiloak onartzen saiatuta ere, gure inguruko emakumeekiko bigilantzia gupidagabea ez da inondik inora eteten. Critic-eko elkarrizketa irakurri eta pare bat egunetara amamari bisita egin nion; begiaren ingurua ukitu zidan: “Zimur pila atera zaizkizu. Kontrako kremaren bat erosi beharko zenuke urtetan aurrera joan ahala”. Sast! Nola ez sentitu sastada hori?

Feminismoak ematen dizkigun argudio arrazional eta ideologikoak ez dira nahikoak halakoetan gure emozioak aldatzeko. Agian, María Félixen esaldi hau da lagungarrien iruditzen zaidana: “Nire gorputza nire amaren gorputzaren oso antzekoa da. Nire gorputzaz arnegatuko banu, nire amaren, nire amamaren, nire arbasoen gorputzez arnegatzen ariko nintzake. Neure buruaz ere arnegatzen ariko nintzake”.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide