Armei buelta

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko eka. 25a, 00:00

Ameriketako progressivea, feminista borrokalaria, Adrienne Richek gizonari jarraitu zion unibertsitate-karreran, ekarri zituen, zaindu zituen hiru haur, deuseztatu zen ezkontza, suizidatu zen bere senar izandakoa, idatzi zuen 1976an Twenty-One Love Poems (Hogeita bat poema amodiozko). Emakume isilarazia eta Twenty-One Love Poems horrekin ofizialki lesbiana, erdi judua, izatearen bilaketa izan da bere bizitza, identitateaz idatzi zuen teorikoek hitz hori asmatu baino lehenago. Kartsuki politikoa eta bitalki ederra da horregatik bere idazkera: “Hartu baduzu kondar hau nire iragantzat/ eta eskuaretu baduzu, saltzeko puska bila/ jakin ezazu aspaldi jo nuela sakonera/ muin-muinera zuzenean”.

Adrienne Richek bazekien zabarra izaten hala behar zenean, kadentziaduna poemak eskatzen bazion, beti iradokitzaile. Shock egoerara eroango zaitu batzuetan, hunkituko bestetan: “Amets egin dut deitzen nizula telefonoz/ esateko: Hartu goxoago zeure burua”.

XX. mendeko nahi eta ezinaren poema hauetan aurkituko duzu, dudarik gabe, poesia benetakoa. Berak esana da lirikak ezin duela izan ukendu sendatzailea, masaje emozionala, hizkuntzaren aromaterapia. Eta xelebrea dirudi, baina berak esana da, baita, poesiak ezin duela jausi errazkeria politikoan ere, bihurtuz proiektu, eskuliburu edo afixa. Oreka horren adibide liburu eder hau, di-da batean irakurtzen dena eta luze irauten duena gero aho sabaian.

Munduko Poesia Kaierak bildumaren hemeretzigarrena da. Maialen Berasategik bizi-bizi itzulia, suabeki sendoa da, biribila bere ertzekin, Adrienne Rich: “Bada polizia bat errondari eta aita dena aldi berean:/ zure etxe-blokean bizi izan zen, zure anaiekin batera hazi,/ bazituen zenbait ideal./ Ia ez duzu ezagutzen botak eta zilarrezko plaka jantzita,/ zaldi gainean pistola haztatuz doala”.

Poetak beraz bazekien zer zen poesia idaztea perfektu, errima sartzea sartu behar zen moduan, modulatzea hizkuntza sortzeko musika halako bat. Kitzikatu zuen W. H. Auden beraren irudimena eta, berrogeita hamargarren hamarkada estreinatu berri, lehen poemategia argitaratu zion, A Change of World (Mundu aldagarri bat), Yale Younger Poets Series mitikoan. Horregatik Adrienne Richek, hain ondo ezaguturik akademia eta kanona, hain ondo Ipar Amerika zuri perfektua eta matxismoaren losintxak, arma horiei beraiei buelta emanez asmatu zuen beste arma bat erabatekoa: doitasun askatzaile eder bat.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide