Bitcoin

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko uzt. 2a, 00:00

Duela aste gutxi wannacry izeneko birusak kaosa hedatu zuen Britainia Handiko ospitaleetan, Espainiako Estatuko telefonian eta Errusiako Barne Ministerioan. Birus gaizkileak artxiboak enkriptatu egin zituen eta egileek ordaina eskatu zuten artxibo horiek itzultzeagatik. Baina, erreskatearen ordaina gauzatzeko ez zuten txanpon arrunta edo urrea eskatu baizik eta bitcoina. Txanpon hau lehendik ere erabili izan da negozio ilunen ordaina gauzatzeko garaian. Bitcoina guztiz deszentralizatutako ordainketa sistema bat da eta bere trukeak bankuen edo estatuen bermerik gabe egiten dira. Bere jatorriaz ezer gutxi dakigu, programatzaile batek –edo batzuek–2009an asmatu eta bideratu zuela soilik.

Txanpon birtuala da bitcoina, protokolo informatiko zorrotza betetzen baitu 2008. urtetik. Izan ere, binakako sistema erabiltzen du on-line ordainketak egiteko, konfiantzazko hirugarren pertsona edo instituzio baten tutoretzarik gabe. Ohiko diru sisteman banketxeek elkartruke guztiak kontrolatzen dituzte. Bitcoin sisteman erabiltzaileak dira berdinen arteko edo P2P sarean argitaratzen diren elkartrukeak balioztatzen dituztenak eta era guztiz anonimoan egiten dira. Beraz, ez dago bitartekorik, ezta ere txanpon hori jaulkitzen duen instituziorik, protokoloak aurreikusten baitu bitcoinen sorrera. Bitcoinak interneteko plataforma batean eros daitezke dibisa ofizial ugariren truke, eskaintzak eta eskariak finkatzen duten tasan. Hots, trukagarria eta diru ofizialen lehiakidea da bitcoina. Azken buruan, txanpon “librea” da,  inork ezin baitu bitcoina kontrolatu, monopolio publikoa den diru arrunta edo bankuek sortutako diru estrukturala ez bezala.

Ezaugarri hauek direla-eta, edonolako esku hartze publikoaren aurkakoak diren ekonomialari ultraliberalek bitcoinaren aldeko jarrera dute. Hauen ustez bitcoinaren hobariak ugariak dira: unibertsala da, edonon erabil daiteke, bitartekorik gabekoa da, elkartruke kostuak minimotzen ditu, ordainketa egiterakoan anonimotasuna gordetzen du eta, beraz, kapitalen eta zergen kontrola saihesten ditu.

Txanpon birtuala da bitcoina, protokolo informatiko zorrotza betetzen baitu 2008. urtetik. Izan ere, binakako sistema erabiltzen du on-line ordainketak egiteko, konfiantzazko hirugarren pertsona edo instituzio baten tutoretzarik gabe. Ohiko diru sisteman banketxeek elkartruke guztiak kontrolatzen dituzte. Bitcoin sisteman erabiltzaileak dira berdinen arteko edo P2P sarean argitaratzen diren elkartrukeak balioztatzen dituztenak eta era guztiz anonimoan egiten dira

Baina, txanpon birtual honen arriskua bistakoa da. Bitcoinaren sareak ez du inolako arau edo erregulazio sistemarik horrela eraiki dutelako berariaz, lege edo arau jurisdikziorik gabeko sare gisa alegia. Erregulaziorako autoritaterik ezean jendeak sarbide anonimoa du sarean eta bertan mugarik eta kontrolik gabe dihardu. Horrenbestez, bitcoinaren erabilera bere sistema ondo ulertzeko eta bere arriskuak jasateko ahalmena duten teknologoentzako da egokia. Pirateria kasuetan bezala, elkartruke sare hau maiz izan da ziber-erasoen biktima eta erregulaziorik ezean kaltetutako erabiltzailea erantzuteko ahalmenik gabe aurkitzen da. Are gehiago, bere balioa oso hegakorra da, txanpon ofizialekiko gorabehera indartsuak izan ohi ditu bere historia laburrean.

Gaur egun bitcoina, ordainketarako bitartekoa baino gehiago espekulaziorako aktiboa da, arrisku handiko aktiboa. Haatik, bere kopuruak gora egin du nabarmen urteotan, bost mila milioiko dolarreko kapitala osatzeraino. Ekonomia digitala bultzatzen ari da erakunde eta enpresa erraldoi ugarik bitcoina onartzen baitute gaur egun. Haatik, bere hedapenak eta balioztatzeak ez du urreak bezala oinarri fisikorik edo diru ofizialek bezala herrialdearen BPGrik atzean. Zerk sostengatzen du bada? Bere balioa gorakorra izango delako ustea, eta hau da, hain zuzen ere, ohiko burbuilaren definizioa.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide