Bakarra da egia

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko uzt. 2a, 00:00

Troll-a naiz sare sozial batean, jendaurrean erakusten dudan jarrera politikoaz oso bestelako iritziak plazaratzeko. Gertuko lagun batek oparitu eta eskainitako liburu bat saldu dut bigarren eskuko liburu denda batean, eskaintza idatzita agertzen zen orrialdea erauzita. Ez diot lagun on bati inoiz kontatu bere senargaiarekin sexua izan dudala, biak etxean zeudela. Auzokidearen WiFia erabiltzen dut. Nafarroako politikari garrantzitsu baten argazkia dut streaper batekin, inori erakutsi ez diodana, atzeratzeko une egokiaren zain. Mutil-lagunaren mugikorreko mezuak nire ordenagailutik irakurri ahal izateko sistema erabiltzen dut.

*   *   *

Beharbada egiarekiko harreman gatazkatsua izan daiteke gaur egungo gizartea hobekien deskriba dezakeena. Berez, edozein gizarte aldaketak egiaren paradigma aldaketa dakar. XIX. mendera arteko egia bakarraren eredutik egiaren aurpegi askotasunera, bakoitzak bere egia duelako ustekizunera, nolabait esateko, egiaren liberalizazio edo, nahiago bada, pribatizaziora. Baina zantzuak badaude hortik haragoko urratsa ematen hasi garela. Gertakizunean murgilduta gauden heinean gaitz zaigu egiaren aurpegi berriak (post-egiak, niaren literaturak benetakotasunaren arietearekin fikzioa eraisteko lanak) zer ekarriko duen.

*   *   *

Nire irudiko azkenaldiko literaturan eman den paradoxa bat autofikzioak ekarri du. Fikzioak errealitatearekin eraikia zuen harremanean egiak tokirik ez edukitzeak tarte handiagoa uzten zien idazleei egiatiak izateko, barruko demonioak azalerazteko, orain autofikzioak ezartzen duen harremanean baino. Are nork bere burua nahita zabar deskribatzearen atzean irakurleak pentsa dezake malditismoaren bidezko edertze bat dagoela, gehiegizko zuritze bat bezain susmagarria. Nire ustez, autofikzioaren egia ustekizunak bere kontra egiten du.

*   *   *

Aurrekoan bururatu zitzaidan fikzioa eta egiaren arteko harreman berria ezartzeko bide kuantikoa izan zitekeela. Esperimentua egitea bururatu zitzaidan. Bi zerrenda osatuko nituzke: lehenean, inori aitortu ez dizkiodan gauza lotsa emangarriak, egia gordin tratatu gabeak, edertu gabeak. Beste zerrenda batean nireak ez diren (baina izan zitezkeen) bekatuak aletuko nituzke, pertsonaia bati egozgarriak, beraz, egin izan banitu aitortuko ez nituzkeen gauza halaber lotsa emangarriak. Bi zerrendak bata bestearen ondoan eman, irakurleari (kasu honetan, zuri) segurtatuz haietako baten ekintza guzti-guztiak egin ditudala eta bestearen bakar bat ere ez. Bakarra dela egiazkoa.

Horrek, esperimentua ongi ateratzen bada, bermatuko luke idazketa egia-eramaile bat, baina aldi berean fikzioari eremua ukatu gabe. Irakurleak ez du nitaz deus gehiago jakinen, ezinen nau zehatz epaitu, ez nire lekukotasuna zalantzan jarri, egiarekiko engaiamendua ere ez. Schrödingerren tankerako egiarekikoa.

*   *   *

Ama hil zen goizean bertan ospitale bereko erizain batekin kontaktatu nuen Grindren bidez. Ez zait Proust benetan gustatzen, ez diodan bezainbeste behintzat. Euskara ikasten hasi nintzen polizia nazionala izateko erabilgarria izanen zitzaidalakoan. Artikulu honen muina plagiatu dut aldizkari honen irakurle batez bestekoak irakurriko ez duela uste dudan (beste hizkuntza bateko) blog batetik. Droga eskaintzen didatenean sartzekoarena egiten dut, baina putz egiten dut sudurreratzeko keinuarekin batera. Uste dut naizela euskaraz jardunean ari den euskal idazlerik onena.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide