Talentu, adikzio eta arazo psikologikoak

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko uzt. 9a, 00:00

Ipuin bilduma honetako hamalau izenburuek azpimarratzen digute narrazio bakoitzean zeri erreparatu behar diogun: eguneroko bizimoduak ekartzen digun miseria erakusten zaigu gordin eta zuzen lehen pertsonan hitz egiten digun ahots narratiboaren bidez.

Literaturaren funtzioetako bat bere garaiko jendartearen isla izatea da, hau erreproduzitu edo deseraikitzeko. Eta hori da ondoen egiten duena egileak ipuinotan. Multinazionalen, neoliberalismoaren eta AEBen inperioaren globalizazio eta kontsumismo garai honetan bakarrik gaude eta saiatu behar gara “nor” izaten, ingurukoekin harreman (prekario)ak egiten, eta “zoriontasuna” lortzen.

Emakume izateko eta gizon izateko moduei begiratzen zaie Duty free edo Jane Doe ipuinetan; maitasunari eta sexuari, bikote harremanei, edo familiari buruzkoak topatuko ditugu Non gorde behar diren ez dakizun gauzak, Logela zerbitzua eta Udaberri familiarra narrazioetan; belaunaldien arteko konplizitate eta gaizki-ulertuak aurkituko ditugu Egunen batean edo Zaborraren minutuak testuetan.

Marina Garcés-ek dio egungo indibidualismo kapitalistan komunitatea eratzera jo behar dugula, besteekin elkarreraginean sartuz eta egoerarekiko kontrola galduz (ipuinotan agertzen diren egoerak gainditzeko, kasu). Subjektu haragiztatuok elkar (h)u(n)kituz partekatzen duguna aurkitu ahal izango dugula horrela (irakurleak sentituko duena testua irakurtzean).

Brigitte Vasallok ordea, esaten du aparatu sozialak akuilatuta gorputzak eta afektuak kontsumitzen ditugula, monogamia gainditzeaz eta poliamodioaz diharduenean (elkarrekiko egarri hori aurkituko dugu orriotan), hau da, eremu sexu-afektiboan kapitalismoak lortu duen azken konkista gorputzak eta desirak kontsumorako objektu bihurtzea dela (harremanok nola ulertzen ditugun hausnartzeko aukera ederra da liburu hau).

Generoa zehaztu gabe egongo da ipuin hasiera askotan eta protagonista sozialki nola kokatu behar dugun jakin gabe geratuko gara tarte batez. Maiz pertsonaia nagusiaren intimitatearekin identifikatuko gara eta bere mina partekatuko dugu. Aireportua, hotela eta ospitalea bezalako ezlekuetan Franz Kafka edo Lewis Carroll gurutzatuko ditugu. Gaixotasuna, zahartzaroa eta heriotza brau agertuko zaizkigu.

Ana Malagonek bere bi liburuetan tonu eta estilo pertsonalak erakutsi dituela ezin da ukatu, begirada propioa du. Izan ere, gauzak argi esatera etorri zaigu: “Gure bizitza ez da igeriketa sinkronizatu bat”, baizik eta “talentu, adikzio eta arazo psikologikoen nahasketa bat”.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide