Araizko zaporeak berpizten

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko ira. 3a, 00:00

Malloen itzalpeko paraje ikusgarrian dago Araizko bailara, Nafarroako iparraldean. Bertan sortu berri dute “Araizko Zaporeak” sor-marka eta proiektua, bailara bultzatzeko asmoarekin. Herriak husten ari zirela eta nekazaritza estentsiboaren erruz jarduera hori galtzen ari zela ikusita, herritarrak elkartu eta “Araitzen lan eta bizi” batzordea sortu zuten lehenik. “Azken urteetan gailendu den nekazaritza estentsiborako joerak baserri gehienak hustea eta lur guztiak gutxi batzuen esku gelditzea ekarri du. Herri hauen etorkizunari begira ez da bideragarria eredu hori”, azaltzen du Maider Agirrebarrena proiektuko kide eta Araizko zinegotziak.

Lurren poltsa

Bailarako lurren poltsa egitea da ekimenaren asmo nagusietakoa orain. Populazioaren gehiengoa zaharra dela jakinda, gerora begira jende gaztearentzat zer lur aukera egongo liratekeen aztertu nahi dute. Bertako lurren inbentario modukoa egitea da ideia. “Jende gaztea bertara hurbiltzea bultzatu nahi dugu, hemen lanean hasteko aukerak ematea”, dio Agirrebarrenak.

Inguruko baserritarrei hauspoa ematea ere badu helburu Araizko Zaporeak ekimenak, sor-markapean bilduz bertan ekoizten diren produktuak. Ideia horren baitan ari dira antolatzen urri amaieran eginen den Araizko produktuen azoka ere. Bailarako turismoa ere bultzatu nahi du proiektuak. Logo edo marka beraren atzean, beraz, bailararen aldeko ekimenak bildu dituzte.

Argazkia: Araizko Zaporeak.

Kable sistema zaharra berreskuratzen

Ekainaren 25ean egin zuten Intzan Araizko Zaporeak sor-markaren festa. Juan Gorriti artistak proiektuarentzako egindako logoa aurkeztu zuten bertan. 45 urte inguru geldirik zeramatzan belar kablea martxan jartzeko aprobetxatu zuten eguna. “Bazen kableen sistema oso bat Malloetatik behera belarra botatzeko. Garai hartako jendearekin lanean lortu genuen horietako bat martxan jartzea”, azaldu digu Agirrebarrenak.

500 metro inguruko kablea jarri zuten martxan festa egunean, baina ba omen dago ia bi kilometroko beste kable bat Malloetatik jaisten dena. “Polita litzateke aurrerago egun bat egitea hori ere martxan jartzeko”, dio zinegotziak. Bitartean, pausoka eta poliki, baina jarraituko dute lanean. “Bailara urteetan utzia edo ahaztua egon da nolabait. Orain, baliabideak erabiltzea da gakoa, bailara berpizten hastea”.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide