Etorkinak balira...

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko ira. 3a, 00:00

Uztailaren 31n, Kataluniako El Periódico-n: “Hogeita hamar urteko senegaldar bat hil da borrokaldi batean. Hiru norbanakok eraso dute kalean egun argitsuan. Biktimak droga trafikoagatik aurrekariak zituenez, baliteke hori izatea erasoaren zioa”.  

Albistean, kazetariak lehenengo paragrafoan kontatzen du erasotzaileek “nazionalitate espainiarra” dutela. Halakoetan komeniko litzateke, biktimaren jatorriari garrantzi gehiago eman izanaren arrazoia ezagutzea eta horren efektuaz hausnartzea.

Abuztuaren 1ean. La Vanguardia-n: “Salouko hilketaren erasotzaileetako bat atxilotu dute”. Hirugarren paragrafoan: “Biktimak hamar urte zeraman Saloun bizitzen, Carles Büigas etorbide ezagunaren inguruko lokaletan ibili ohi zen; hezibide oneko pertsona lasaia deskribatu dute bertakoek. Hala ere, beste iturrien arabera, droga-trapitxeoan jarduten omen zuen”.

Orain, imajina ezazu albiste hauetako protagonista, hau da, biktima, emakumea dela. Argi dago trataera desegokia dela, ezta? Erailketa matxistei dagokionean, feministok etengabe kritikatzen ditugun joerak errepikatzen dira: “Hil dute” esan ordez, “hil da” esatea; auzokoen (aurre)iritziei pisua ematea (“pertsona jatorra/normala/ lasaia zen”); biktimari errua botatzea (kasu honetan droga trafikoan zebilela nabarmenduz), edota albistea “gertakari” bezala definitzea.

Kasu honetan, nahiz eta biktima beltza eta erasotzaileak txuriak izan, arrazakerian oinarritutako gorroto delitua izan daitekeela ez da inondik inora aipatzen.

Rosa Cobo soziologia irakasle feministaren artikulu bat publikatu genuen Pikara-n hiru egun lehenago, uztailaren 28an. Sanferminetan hainbat gizon lelo matxistez janzten edota apaintzen direnez, hauxe idatzi zuen: “Ez da ulertzen Nafarroako Fiskaltzaren erantzuna [deliturik ez ikustea, alegia]. Txapa eta kamiseten erabiltzaileak historikoki zapaldutako beste taldeak balira, juduak, beltzak edo etorkinak, erantzuna zein ote litzake jakin nahiko nuke”.

Espainiako Estatuan zein autonomia erkidego askotan emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako legediak garatu dira. Euskal Herriko mugimendu feministak lortu du jai esparruetan sexu indarkeria ikustaraztea eta horren kontrako protokolo eta kanpaina ugari garatzea. Eraso arrazista eta LGTBfobikoak, ordea, ezkutuan mantentzen dira

Feministen ahotan maiz entzuten dut honelako baieztapena: “Urtero 60 hilketa arrazista edo homofobo gertatuko balira, gizarteak eta instituzioek ez zuten onartuko”. Logika horrek ezjakintasun galanta adierazten du. Ez al dakite migrazio legedia eta politika xenofoboen ondorioz askoz ere pertsona gehiago hiltzen direla Europako kostetan? Benetan uste al dute Espainian zein Frantzian gorroto delitu arrazista eta LGTBfobikoak gehiago zigortzen eta gaitzesten direla?

Azken hamarkadan, indarkeria matxistari buruz hobeto informatzeko hamaika kode deontologiko publikatu dira. Espainiako Estatuan zein autonomia erkidego askotan emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako legediak garatu dira. Euskal Herriko mugimendu feministak lortu du jai esparruetan sexu indarkeria ikustaraztea eta horren kontrako protokolo eta kanpaina ugari garatzea. Eraso arrazista eta LGTBfobikoak, ordea, ezkutuan mantentzen dira. Sanferminetan eraso homofobo bat (ziur aski askoz gehiago dira) gertatu zen eta soilik Shangay aldizkari LGTBak publikatu zuen.

Areago, “etorkinak balira”, “homosexualak balira” argudioak androzentrikoak dira. Begirada intersekzionala premiazkoa da, eraso sexistak eta indarkeria matxistak azaldu eta salatzerakoan diskurtso feminista etnozentrikoa eta heterosexista izan ez dadin.

Diskurtso feminista indartzeko horrelako konparazio gorrotagarriak erabiltzea benetan traketsa eta mingarria da. Antiarrazista ez den diskurtso feminista benetan traketsa eta mingarria da.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide