Yin eta yang

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko ira. 3a, 00:00

Txina, azken laurogei urteotako mila milioi pertsonaren eguneroko mirakulua, Maorena eta Zhou Enlaiena, 7.000 kilometro egin zituen herriarena –80.000 atera ziren, 10.000 eskas iritsi–, Konfuzio eta Leninen eta lau mila urteko historiaren nahaste hori, Txina txikia eta erraldoia, gure garaiko transformaziorik handiena hartu du Beatriz Chivite Ezkietak (Iruñea, 1991) eta liburu bat atera zaio “umamia”-ren antzekoa. Ahaztu betiko mingotsa, gazia, garratza eta gozoa bakarrik dela mundua. Bosgarren zaporea dakar Pekineko keak.

Pekineko kea da ingurugiroaren degradazioa gordinen ageri den herrialdeko gandu industriala, baina baita poesiaren berezko zetazko gortina argi-irazlea ere: “Limoi zati bat mozten/ gogoratzen dut,/ balkoian etzanda/ eskuan gintonik bat/ eta aurpegian liburua”.

Pekineko kea ez da aurten irakurri dudan tesi burutsuena, ez da azken aldian iritsi zaidan  testimonio poetiko bihotz-urragarriena. Pekineko kea ez da gau osoan loa galarazi didan irakurketa joria. Pekineko kea da aspaldian irakurri dudan liburu fresko, iradokitzaile, interesgarriena. Eta badauka beste bertute bat oso karua dena: entretenigarria da.

Beatriz Chivitek Txinan emandako ikasturtean idatzitako liburu honetan ez datoz hango kontuak bakarrik. Gainditu egiten ditu hangoa zein hemengoa, kontzeptu duda-mudazko horiek: “Mahuka gabeko kamixeta xuriko gizon zaharrak/ izerditan blai eguzkitan dauden sabelak,/ norantz begiratzen dute begi zorrotz hauek?/ Denboraren urratsetara/ eta eguerdiko siestetara?/ Houhai lakuko seietako eguzkira/ edo Txinako aldakuntzetara?/ Metamorfosi eta mutazio ulertezinetara”.

Misterio hori da, mutazio ulertezinena, liburu hau berezi egiten duena. Paisaia begiesten duten begien paisaia, apenas iritsi ez den udaberri oraindik izoztua, amorrarazitakoaren etsipena, herrimina… dena kabitzen da, epigrama findu eta birfindu batean lez, Chiviteren poema batean. Zeren irudi unibertsalen poemategi honetan finak eta handiak aurkituko dituzu, biak batera. Gauza itzelek jendeen baitan sortzen duten dardara ia hautemanezina batetik, eta gauza txikien oihartzun biderkatua bestetik. Zintzo dedikatzen die idazleak liburua gai eternoei, edertasunari, amodioari, denboraren tatuajeei, baina gaien pisua igarri barik idazten du haien gainean, ontzia bezala igarotzen da, markarik utzi gabe, itsasoetatik. Bidaia fisikoa barne-bidaia bihurtua, Pekineko kea ez da poesia, ezpada bizitza poetizatua.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide