Ongi etorri Adur Larrea

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko ira. 3a, 00:00

Hiru, bi, bat... eta hasi da asteroko martxaren lasterketa! Eta noski, denoi gustatzen zaigu oporretatik bueltako lehen lanegunean nobedadeez enteratzea, ezta irakurle? Pare bat berri behintzat iritsi dira nire belarrietara, eta baten bat poltsikoan gordeko dut hurrengorako, baina lehenengoa ezin isilik gorde eta botako dizut (lehenago ikusi ez baduzu behintzat sorpresa izango da!). Komiki tira berria aurkeztu du ARGIAk ale honekin batera. Adur Larrea da egilea, eta astero astero aldizkari honen Panorama atalean izango duzu bere umorea dastatzerik.

Nik bitartean ezin eutsi tentazioari eta galdera txiki batzuk egin dizkiot Larreari ARGIArako bere saltoaz. Ez da ilustrazio munduan hasi berria kolaboratzailea, eta ARGIArekin ere eginak ditu lehendik lan batzuk; hala nola Asisko Urmenetarekin eta Mattin Irigoienekin batera Okatxu komikiaren sormen lanetan aritu zen, baita ARGIAren 90. urteurrena ospatzeko antolatutako “bertso-zirimarra” emanaldian ere. “Zer da Adur Larreak astero irakurleari eskainiko diona?” Galdetu diot, eta hemen bere erantzuna: “Egunero, hainbat mediok egia kontatzen digute. Eztabaidaezina den ikusmolde bat, nahitaez jaso behar diren berriak, gizarteak ezagutu behar dituen albiste absolutuak... Beste era batez uler daiteke informazio hori guztia? Tira, horri erantzuten saiatuko naiz nire marrazki umilen bidez. Humanitateari nire zalantzen eta kezken zirriborro ulergarri bat igortzen ahaleginduko naiz”.

Zergatik onartu du, ordea, Adur Larreak ARGIAren eskaintza? “Beti gustatu zaizkit era guztietako gaiak eta problematikak ikuspuntu kritiko eta sintetiko batetik jorratzen dituzten marrazkilariak. ARGIAn adibidez, Asiskok umore fin bezain gupidagabe horrekin langa oso altu jarri du bertan eman dituen urte hauetan guztietan. Langa horren gainetik igarotzea oso zaila denez, agian inguratzen saiatuko naiz...”.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide