Glu-glu-glu-glu

Bukatzear dagoen uda honetako egun batean izan zen. Gernikan nenbilen egun-pasa. Gazte bat neukan ondoan, pasieran, eta Joxemari Iparragirreri eskainitako monumentu bat ikusi genuen herri erdiko plazan, brontzezko eskultura-erretratu horietako bat. “Noski –esan nuen–, Gernikak bere esker ona adierazi behar urretxuarrari”. Ondokoak ez zuela ulertu iruditu zitzaidan, eta gehitu nuen: “Gernikako Arbola idatzi zuelako, herriari fama eman zion kanta”. Eta orduan ohartu nintzen ez zeukala ideia handirik ez nor izan zen Iparragirre, ez Gernikako Arbola kantak zer dioen, ez ezer…

Gazte xalo baten despisteari egotzi nahiko nioke ezjakintasun hori, baina D ereduan ikasitakoa zen, nota onak ateratakoa eta jakin-mina zuena; beraz, pentsatzekoa da berarekin ikasitako guztiek beste horrenbeste edo gutxiago jakingo zutela gai horietaz. Gogoratzen jarri nintzen: nik erdaraz ikasi nuen, giro erdalduna genuen kalean ere, eta hala ere, ez naiz oroitzen nola, arazo handirik gabe kantatuko nituzke Iparragirreren kanta famatuenen hasierak behintzat: “Gazte-gaztetatikan”, “Zibillak esan naute”, “Ume eder bat”, “Zugana Manuela”, “Trapu zaharrak”, “Hara nun diran”… Ez ni bereziki kantazalea nintzelako ere: giroan zegoen nonbait haien berri izatea, edo irratian entzungo genituen, edo ez dakit.

Kontua ez da Iparragirre. Bost axola haren gitarra zakurraren ipurdira bidalita ere. Arazoa da, nire ustez, azken hamarkadetan euskara irakatsi duela eskolak Euskal Herriko zati handi batean; euskaraz ere irakatsi duela eskolak, bai, baina alde batera utzi dela, neurri handi batean, euskal kulturaren transmisioa; belaunaldi berriak euskaradun izan zitezen arduratu gara (zer-nolako euskaldunak, besterik da, eta horretaz ere badago zer hausnartu eta zertaz kexatu), baina (ia) inori ez zaio bururatu euskaldun ez ezik, euskaltzale ere bihurtzea.

Ez naiz aditua hezkuntza gaietan. Ez dakit urteotan izan diren curriculumek zer dioten zehazki, ezta gai horiek eskola publiko, ikastola edo eskola kristauetan nola lantzen diren ere, lantzen badira. Sakonago pentsatuta, eskolari bota diot nik errua, baina beharbada gizarte osoarena da akatsa: komunikabide, erakunde, herri-talde eta ni bezalako sasijakintsuena.

Edozein modutan, iruditzen zait herriaren maitasuna (hitz kurtsia barkatzen badidazue), nortasuna eta identitatea berariaz ez lantzeak zerikusi zuzena duela hizkuntzaren erabileran konstatatu dugun beherakadarekin, haur eta gazteen artean sumatzen dugun atxikimendu faltarekin, helduok ere dugun frustrazio sentipenarekin.

Glu-glu-glu-glu kanta entzunda, bizitzaren gorazarrea ez baizik eta urpera doanaren azken arnasa etorriko ote zaigu burura. n

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide