Hezurrak eta gezurrak iraganaren uretan

Zulo bat uretan egitea ezinezkoa dela pentsa lezake batek, baina Iñigo Aranbarrik lortu zuen liburu honekin, eta ederki lortu ere. Hasierak bete-betean harrapatzen du irakurlea, narrazio handien gainbeherarekin lot daitekeen gertaera batekin: kapitain nazi batek bere buruaz beste egiten du Buenos Airesko hotel batean. Hortik denbora-espazio ezberdinetan kokatzen diren zenbait narrazio hedatzen dira.

Itoizko urtegia betetzeko herriak (are hilerriak) husten hasi ziren garaian kokatzen da hari nagusia, 2003an. Urak historia estali aurretik, ordea, iragana azaleratzeko azken ahaleginean dabilen hirukotea dakusagu. Maite antropologo-forentseak du gorpuak hilerritik ateratzeko ardura, eta lan horretan inplikatuko ditu Imanol kazetaria eta Oscar laguntzaile argentinarra. Emakumezkoak du indar zentripetua, baina narratzaile eginkizuna bi gizonezkoei baino ez zaie ematen. Hala, Oscarren aitona marinelaren istorioak eta Juana nafar gorriaren heriotza-moduak gatibatuta, bidaia historiko-literario bat eraikitzen du Imanolek: Hitlerren itsasgizonena eta 40ko hamarkadan Nafarroan eraildako emakumearena. Halere, oroitzapenak biltzeko elkarrizketaren batean Imanolen kazetari senak irrist egiten duela dirudi, eta bere jarrera xaloak sinesgarritasunari kalte egin diezaioke. Oscarrek, aldiz, Argentinako diktadura dakar berekin, jazarpenaren minak eta oroimen-asmazioek osaturiko errelatoan.

Iraganaren zama daramate Imanolek eta Oscarrek. Galtzaileak dira, galtzaileen istorioak berreraikitzen. Historia berridazteko ahaleginean sortzen diren arazoek erakusten dute zenbateraino den hura zeregin konplexua. Asmo horretan, Oscarrek iraganak egiatik zer duen zalantzan jarriko du.

Oroitzapenak eta hausnarketak bidea urratuz doaz eleberrian, ura nola. Pertsonaien gogoetok ezagutu ahala, haien alderdi makurrak agertuko dira, baita bestelako arazo sozialak, historikoak eta familiarrak ere. Gazi hori, baina, Aranbarriren prosaren gozoak orekatzen du. Ez soilik euskararen erabilera bikainagatik, narrazio osoan zehar ematen diren erreferentzia artistikoek eta oroitzapenen arteko lotura semantikoek borobiltzen dute obra hau.

Testuinguru ilun horretan, egia ezkutatu nahiak eraginda, norbaitek Imanoli bere Mont Blanca lapurtzen dio, idazteari uzteko gonbit moduan. Alabaina, kazetariak, historiagileak zein literatura sortzaileak armarik badu, hori bolaluma da. Bestela, galde diezaiotela hamaika pausotan azkena eman duen Iñaki Abaituari.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide