Erreferentzialtasuna

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko ira. 17a, 00:00

Erreferentzialtasuna. Hitz luzea, alajaina; berau erdiesteko gehienetan behar den lana bezain luzea. Eta “gehienetan” diot beti ez delako hain prozesu nekeza izaten. Politikari buruz ari garela, badirudi nor izatera iristeko bideak txindurri-lana eskatu beharko lukeela, alta, badira egun batetik bestera sortzen diren erreferenteak ere. Komunikabideak izaten dira horretarako tresna nagusia. Asko laguntzen du eguna joan eta eguna etorri pantaila txikian agertzeak.

Gertakari edo pertsona bat albiste bihurtzeko bideak konplexuak dira, baina hitz bakarrean laburbildu daitezke: interesa. Interes hori bitarikoa da, publikoarentzat izan dezakeena eta hedabideen lerro editorialari erantzuten diona. Oro har, bigarrena gailentzen da albistegarritasunaren zidorretan. Horra hor komunikabideen jabetzak duen boterea.

Azkenaldian, besteak beste, turismoari lotutako gorabeherek bete dituzte Teleberri eta Gaur Egun informazio saioak. Minutajean ez dira podiumera iritsi, hori eguraldiaren monopolioa baita, baina ia-ia. Azken opor sasoi guztietan bonbardatu gaituzte turista-kopuruarekin eta hotelen betetze-mailarekin. Inplizituki, hauxe esaten digute: turismoa lehentasunezkoa da herri honentzat. Sektore oparoa izan daiteke, baina ez da sekula herri honen motorra izan, ezta urrik eman ere.

Gure herri eta hiritako biztanleentzat bizigarri izateko egin behar dira hiri-plangintzak, eta turistei begira hartzen diren zenbait erabaki filosofia horri kontrajartzen zaizkio.
Horrek bete-betean egiten du bat gazte problematikarekin: lanpostuen prekarizazioa, etxebizitzaren eskuraezintasuna, prezioen gorakada, eta abar. Aldarrikapen hori bere egin du Ernaik, eta antza ez da han eta hemengo politikari eta tertulia-kideen
gustukoa izan

Udan, turista kopurua alde batera utzita, Kataluniako Arran eta Euskal Herriko Ernai gazte antolakundeek turismo ereduari buruz antolatutako protestak izan dira protagonista. Aipatu interesa tarteko, turismoaren eta turisten aurkako kanpaina gisa irudikatu nahi izan dute gazteen ekina. Izen gaiztoa ere jarri diote: turismofobia. Fobia atzizkiak duen karga negatiboa ez da ahuntzaren gau erdiko eztula. Neurriz gaineko beldurra da fobia, eta, gainera, buru-desordena edo gaixotasunekin lotzen da.

Zentzugabekeriaren kutsua gehitzen dio. Erreferentzia-marko sinplista eta maltzur horretan galtzen da muina: kolokan dagoena turismo eredua ez ezik, herri eredua da. Izan ere, gure herri eta hiritako biztanleentzat bizigarri izateko egin behar dira hiri-plangintzak, eta turistei begira hartzen diren zenbait erabaki filosofia horri kontrajartzen zaizkio. Horrek bete-betean egiten du bat gazte problematikarekin: lanpostuen prekarizazioa, etxebizitzaren eskuraezintasuna, prezioen gorakada, eta abar. Aldarrikapen hori bere egin du Ernaik, eta antza, ez da han eta hemengo politikari eta tertulia-kideen gustukoa izan. Esaerak dio: hitz egiten duzunean ez badio inori trabarik egiten, horrek esan nahi du ez duzula ezertxo ere esan. Eta are gehiago gazte aldarrikapenekin.

Beste hamaika ekimen eta dinamika martxan jarri eta apenas kasurik egin zaienean, orain hainbesteko proiekzioa emateari kiratsa dario. Agian publiko masiboari begira gazteen mezua desitxuratuta agertu da, baina horrek ez du esan nahi kanpaina kalterako izan denik. Turismoa dela eta ez dela albistegietan behin eta berriro agertu da Ernai, eta horri esker erreferentzialtasuna irabazi du. Badira bost urte Ernai gazte erakundea sortu zenetik, eta seguru nago orain arte gazte askok Ernai izena entzunda ez zutela zer den jakingo, haren arrastorik ez zutela izango. Bada, udako kanpainari esker eta turismoari lotuta antolatutako dinamika dela-eta lortu du bere izena eta izana ezagutzera ematea, eta mezuak mezu eta kanpainak kanpaina, horrek urrea balio du.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide