Abisua I

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko ira. 17a, 00:00

Bale, lehenengo ile urdina atera zait. Tontakeria bat dirudi, baina, ez dakit, iruditu zait karga sinboliko horretatik atera daitekeela probetxuzko zerbait; gogorarazi dit, adibidez, nire gorputza onartzen –maitatzen ez beti– 23 urte pasatu eta gero, hemendik aurrera etorriko diren aldaketa fisiko guztiak ere onartzen ikasi beharko dudala. Tira, baina hori oinarrizkoa da. Uste dut ile honek nire buru barrua zeharkatuko duten bi sustrai sakon dituela batez ere: batetik, izan daiteke antsietatea –heldutasun fisikoari dagokion heldutasun intelektuala oraindik lortu ez dudalako–, baina bestetik lasaitasuna –nire heldutasun intelektuala ez dutelako zalantzan jarriko hasiera batean, ile horri esker–.

Izan ere, “gutxiespen naturala” izendatu dudan teoriak –ile urdinak emandako lizentziaz– kaltetutako asko gara gure belaunaldian. Hautespen natural usaina darion jende jakintsuaren esferari begira denbora asko igarotzen dugunongan ohiko gaitza da, eta gure iritziak, diskurtsoa eta sormen gaitasuna etengabe gutxiestera garamatza, ia naturalki. Artikulu potoloak irakurtzen ditugu, elkarrizketa sakonak, bertso sublimeak, gai garrantzitsuak ulertzeko dokumentazio lana egiten dugu, baina norberak iritzi bat plazaratu behar duen unean, izan plazan, tabernan edo Twitterren, ez dugu zilegitasunik sentitzen ur handitan sartzeko. Poesia mordo bat sartu eta iskin egiten diegu gaiei, besteena entzutera mugatuz. Baina orain ile urdin bat dut, onerako eta txarrerako.
Eta horregatik ausartuko naiz galderak egitera. Nola funtzionatzen du pertsona heldu eta errespetagarri bilakatzearen kontu horrek? Ez, benetan. Nola egiten duzue beti hain serio aritzeko, hain hiperkritiko eta batzuetan hain –barkatu–beldurgarriki erretxin? Zenbat Durangoko Azoka behar dira, zenbat jarraitzaile, zenbat nobela, zenbat nobelaren aurkako manifestu, zenbat proiektu kulturalen gidaritza, kafe eta galleta, Amorante-ren kontzertu? Zenbat harri giltzurrunean, zenbat ume, zenbat ile urdin edo eroritako ile, pentsatzen duzun hori bota eta inoren iritziaren beldur ez izateko? Belaunaldi-kide asko galdu ditut bidean, zuei, jakintsuoi, imitatzen hasi eta alde guztietatik egurtu dituztenak hitz potoloegiak erabiltzearren. Beraz, adin bat egon behar da, zerbaiten kopuru zenbagarri bat. Edo agian zuen iritziaren heldutasunaren inguruan izan ditzakezuen zalantzak ezkutatzean dago gakoa.

Hau abisu bat baino ez da, zuen gainbegiratuen erruz Manuel Bartualen estiloko istorio bat idaztera ere ausartuko ez ginatekeenon partez. “Gutxiespen naturalak” idatzitako dena atoan ezabatzeko eskatzen didan arren, ile urdina den berme bakarrari behatzekin eutsita esan nahi dizuet XX. mendeko azkeneko uztak ere badakiela zerbait, asko zuei esker, baina ez dena. Gu ere zahartzen ari gara, eta laster berdin izango digu denak. Beldurtu zaitezte.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide