Bide zuzenaren hartxintxarrak

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko ira. 17a, 00:00

Azken bi urteotan testu feministak euskarara ekartzeko lana areagotu egin da, horren adibide da Susa argitaletxeak martxan jarritako Lisipe saila. Oraingoan, bilduma honetako 3. argitalpena izango dugu mintzagai: Monique Wittigen Pentsamendu heterozuzena.

1980an argitaratu ziren lehen aldiz liburu honetan bildutako testuak, eta 1992an heldu ziren ingelesezko eta gaztelaniazko itzulpenak. La pensée straight, The straight mind eta El pensamiento heterosexual bihurtu zen orduan, eta euskaraz Pentsamendu heterozuzena itzuli dute. Eskertzekoa da “heterosexual” hitza “heterozuzen” bihurtu izana, hala gure jendartearen “erregimen soziopolitikoak” edo “ordena sinbolikoak” markatutako bide zuzena zein den esplizitatu egiten delako zapalkuntzaren kontzientzia esnatzeko xedearekin: “Borroka hasi arte ez da ageriko egiten oposizioen errealitate gordina eta diferentzien izaera politikoa”.

Horretarako, ekintzaren oinarri izango den pentsamenduari ematen zaio bide orriotan hurrengoei erantzunez: Zer da emakumea izatea? Zer dira sexua eta generoa? Zer dago kontratu sozialaren atzean? Zein da gizateriaren parte eta zein ez? Erroetara joz, ideologiaren eta hizkuntzaren oinarrietara jotzen zuelako egileak errealitatea ulertu nahian, lesbianak emakumeak ez direla ondorioztatu zuen.

Izan ere, heterosexualitatea da jendartea egituratzen duen kontratu soziala, eta horren arabera, emakumeak eta gizonak daude, esklabuak eta nagusiak dauden moduan, menderakuntza harreman bat osatuz eta denon bizimodua goitik behera baldintzatuz.

Bere garaiak inposatutako arau eta muga sozialak aztertu nahi izan zituen jendarteko “kide aktibo” bat bezala. Horren ondorioz, idazle gisa praktikara eraman zituen subjektibitatea, agentzia eta ahalduntzea izenordainen erabilera berritzaileak eginez.  

Euskal Herriko mugimendu feministan lesbiana feministek egindako ekarpena, Gure genealogia feministak liburuan diotenez, batik bat 1977-1997 tartean koka dezakegu, taldeak, sareak eta jardunaldiak antolatu baitziren ikusgarritasuna eta sexu askapena aldarrikatzeko. Hain justu Wittig-ek, lesbiana eta feminista, aipatutako deseraiketa lana proposatu zuenean. Ezagutu eta hausnar dezagun beraz aurreko belaunaldiek ikusi eta ikasitakoez eta ekar ditzagun gurera.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide