Murruak

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko ira. 24a, 00:00

Udako pausaldia aitzin bere azken iritzia ematean, Bea Salaberrik aipatu zuen Baigorrin beharrak zirela “Antilletan bizi” deitu egunak, agorrilaren 11 eta 12an, Euskal Herriko Unibertsitate Herrikoia (EHUH) elkarteak antolaturik, azpimarratuz kanpotiarrekilako trukaketek “birzentratzen” lagun gaitzaketela. Jardunaldietatik landa, horien nondik norakoaz gogoeta anitz baliteke egiteko. Zenbaitzuk soilik plazara ditzaket hemen.

Euskaldunon euskalduntasuna eta mundutartasunaren arteko korapiloak galdekatu nahiz, eta Édouard Glissant eta Patrick Chamoiseau martinikar filosofo ezagunen Murruak erortzean: nortasun nazionala legez kanpo? testutik abiatuz antolatu dira beraz eztabaidak honelako gonbidatuekin: J. Sarasua, I. Borda, L. Etxezaharreta, B. Axiari, N. Arbelbide, X. Aire, J. A. Urbeltz eta G. Yovan.

Ororen buru, iruditu zait bi ildotik aritu direla hizlariak: batzuk mintzatu dira ikuspegi poetiko batetik hizkuntzen edertasun berdinaz, kulturen artean harreman baketsuak eraikitzeko beharraz, menderatzaile-menderatu etsaitasunetik at; beste batzuk oinarritu dira euskararen egoera kezkagarrian, azalduz premiatsuena dela gure hizkuntza gutxitua biziberritzeko aterabideak aurkitzea, geure barne indarretik, gure hibridotasunaz kontziente izanez eta kanpokoari irekiak egonez. Lehen postura biziki erakargarria zait: etengabeko borrokan ezin irauteko menturan, nahiko nuke nik ere goratasunez eta zuhurtzia lasaiaz gozatu bizi dugun hizkuntz eta kultur aniztasuna –hein batean, fantasma hori gauzatzen dut lanean, jatorri ezberdineko ikasle eta lankideekin, bai eta intimitatean ere, irakurketa nasaien bidez. Halere, bigarren postura gatazkatsura daukat isuria ene harreman sozialetan, etxean eta etxetik kanpo, bihotzean errotutako beharra dudalako bizi dugun zuzengabekeriaren kontra ihardukitzea eta geurearen zaintzea, beste injustiziarik eragin gabe eta ahal bezain baikor iraunez. Hori desira eta errealitatea latzaren arteko auzi (murru?) minbera...

“Antilletan bizi” egun horiek interesgarriak izan dira ere ohartzeko guk euskaldunok gure nortasuna hizkuntzan sustraitzen dugun bezala, Martinikarrek Bèlè delakoan dutela egiten, hau da dantza, musika eta kreolerazko kantuak batzen dituen espresio artistikoa, baina gehiago ere, bizitza ikusteko manera berezia, hots, omen, martinikar arima bera. Parisko Lékol Bèlètik hogei bat martinikar jinak ziren Baigorrira “Moman Bèlè” edo Bèlè une baten partekatzera tokiko jendearekin.

Haiekin iragan azken gaualdiaren amaieran, taldeko tanbouyé edo atabal joilea elekatzen gertatu naiz. Bere ibilbidea honela kontatu dit: “Badakizu, Martinikatik joan naizelarik lan xerka Parisera, duela 15 urte, sentitu dut ene baitan ene nortasuna berreskuratzeko eta elikatzeko beharra. Bèlè eskolan ibili nintzen, eta orain Bèlè praktikatzaile gisa definitzen dut ene martinikar nortasuna. Lantokiko pasabideetan trebatu ditut dantza urratsak eta ene lankideekin –horiek ni bezala martinikarrak direla eta– kreolera funtsez berrikasi dut”. Eta nik, inuxent: “Eta zertan ari zira lanean?”. “Zaindari naiz presondegi batean”. Ene harriduran, berehala irudikatu nuen mutiko irritsu eta alai hori espetxearen murruen alde batetik, bere nortasuna birbiziarazteko ahaleginak egiten, pasabideetan dantzan eta lankideekin kreoleraz tira-ahala mintzo, eta murruen bestaldetik euskal presoren bat, baigorriarra edo hurbilekoa izan zitekeena, euskara lantzen ari EGA pasatzeko... “Murruak eror bitez”, diote Édouard Glissant eta Patrick Chamoiseauk.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide