Hats berri bat txosna-gunearentzat

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko urriaren 1a

Hona laburrean, jaietako txosnen historia: “Esparru alternatiboa zena asimilatu eta bertan gatibaturik, kudeatzaile bihurtu gara”. Elkarte eta mugimenduei lotuta, esparru alternatiboa izateko sortu ziren bere garaian jaietan txosnak. Taldeen urteko jardunak finantzatzeko, jendea bildu eta festetan ideia desberdinen arnasa-gune izateko. Denboraren ondorioz ordea, ilusio faltagatik edo betikoaren errepikapenean galduta, txosna eredua berritzearen beharra nabarmendu da gure inguruan.     

Badira ia hamar urte Euskal Herriko gazte mugimenduaren deialdi bateko karpa handi batean Nafarroa Behereko lagun laborari zenbaitekin multinazionalen edarien salmentaz mintzo ginela. Ezin ulertuz ikusten baitzuten kasik aldarrikapen heineko edari marka zapaltzaileen presentzia normalizatua. “Kausa on batentzat dirua irabazteko denak balio al du?” galdera pausatzen ziguten ohiko arrazoi ekonomiko edo enpresa haien prezioen bonifikazio argudioen aurrean.    

Hortik hona, aurtengo gure herriko jaietan urrats eraginkorra eman dute gazteek, ia bere osotasunean multinazionalik gabeko janari-edari eskaintza antolatuz gaztetxeko txosnan. Baratzezainok gauetako ogitartekoak egiteko barazkien horniketan zein auzolanean lagundu dugu bertan.

“Kausa on batentzat dirua irabazteko denak balio al du?” galdera pausatzen ziguten ohiko arrazoi ekonomiko edo enpresa haien prezioen bonifikazio argudioen aurrean

Jende asko elkartu du txosnak, adin eta mota guztietakoak eta zerbait aldatzen ari ginen ilusioz atxikimendua lortu du. Arratsaldero aritu gara auzolanean, gauetan elikagaiak prestatzen. Jende desberdinak, nagusi zein gazteak, haur eta helduak, gaztetxearen lagunak, nekazarien lagunak, kultur, auzo elkarte edo mendiko auzotarrak. Eskaini dugu zerbait on, osasuntsu eta zaporetsua eta izan du arrakasta.

Bere bizian zer egin ez dakiena bokazio gabeko funtzionario bihurtzen den garaian, oinarrizko ofizioei balore soziala eman die ekimenak, gure auto-estima indartu eta bizitzeko beste bideak proposatu. Posible dela herrian lana sortzea ekoizleak, merkatari txikiak, langile eta mugimendu herritarrak elkartzen bagara. Hats berri bat txosna-gunearentzat praktikatik justizia aldarrikapenei lotua, elkarlanean zabaldu, kontzientziak piztu eta esparru osoa herri alternatiba bihur lezakeena.

Azkenean gure eskualdean, multinazional handien atzaparretatik kanpo etorkizuna izatea, gure herriaren maitasuna haurrei transmititzea, hizkuntza galdu den tokitan berreskuratzea eta guztioi eskaintzea da nahi duguna, gainontzekoa gero iritsiko den ustean.

Distantziatik esango nuke hainbat ilusio piztu duen Kataluniakoaren oinarrian badela halako zerbait. Beraz herria eraiki dezagun txikitik hasita baina ekinez, hitzetatik ekintzetara!

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide