Alemania ere

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko urriaren 15a

Eredugarria omen den herrialdean eskuin muturra Bundestagen sartu da dagoeneko. Hauteskunde osteko analisi ia gehienetan Berlingo Gobernuak atzerritarrekiko izan duen politikan ipini dute arreta alderdi xenofoboaren gorakada azaltzeko. Begirada bakarreko analisia, inondik ere. Garrantzi handiko gaia izan arren, asilo politika ez baita boz erradikalaren igoera azaltzeko faktore bakarra izan. Alemania arrakastatsuan errealitate sozioekonomikoaren narriadura begi-bistakoa da.

Ezin da ukatu enplegua sortzeko bertan dagoen dinamismoa apartekoa dela, eta oro har, azkenaldian batez besteko soldaten igoera eman dela. Europako herrialde nagusiak ondo jakin du azken hamarkada eta erdian euro-guneak sortutako hobariei probetxua ateratzen. Esaterako, langabezia-tasa beheratzea lortu du 2007ko %8,5etik 2016ko %4,4raino, krisi beteko garaian alegia.

Alemania ere kohesio sozialaren gainbeheraren eta desberdintasun gorakorren herrialdea da, Angela Merkelen Gobernuaren doikuntza neurriak eta politika zorrotzak hauspotuta. Bertako desberdintasun indartsuen erakusle, Alemaniako Gini indizea –koefizientea– Europar Batasuneko garaienen artean kokatzen da

Hala ere, datu makroekonomiko positibo horiek ez dute azkenaldiko lan eta gizarte egoeraren higadura balaztatu. Alemania ere kohesio sozialaren gainbeheraren eta desberdintasun gorakorren herrialdea da, Angela Merkelen Gobernuaren doikuntza neurriak eta politika zorrotzak hauspotuta. Bertako desberdintasun indartsuen erakusle, Alemaniako Gini indizea –koefizientea– Europar Batasuneko garaienen artean kokatzen da. Are gehiago, gizartearen errenta dibergentzia gora doa. Krisiak errenta eta aberastasunaren kontzentrazioa indartu du. Gizarteko %10ak aberastasun guztiaren %65 zuen 2016 urtean, Credit Suiss-eko datuen arabera. Beste muturrean, herritarren %15a (12 milioi pertsona baino gehiago) pobreziaren atariaren azpian bizi zen 2015 urtean. Milioidunen herrialdean milioika pobre daude, horixe paradoxa!

Bestalde, lan merkatuaren azterketak ere ez du egoera hoberik erakusten. Enpleguaren sorrera bizkorra izan da azkenaldian, baina enplegu berri ugariren kalitatea oso ahula da. Aldi baterako edo denbora partzialeko eta soldata oso apaleko minijob gisa ezagunak diren enpleguak oso bizkor hedatu dira. Iaz 11 milioi langile ziren lan kategoria honetan zihardutenak, enplegu guztiaren %26,7 alegia. Eta 2.000 milioi pertsonatik gora lan bat baino gehiago egin beharrean daude, denbora partzialeko prekarietateak eta soldata apalek horretara behartuta.

Errealitate gordin horren argazkia eta analisia egin du Oliver Nachtwey alemanak Jaitsieraren gizartea goiburua duen bere azken liburuan. Egile honen tesiaren arabera 1970eko hamarkadatik igogailu sozialak kontrako norabidea hartu du mendebaldeko herrialdeetan, baita bere herrialdean ere, non prekarietatea eta gizartearen polarizazioa eguneroko ogia diren. Eta hala ere, oraindik ere, gizarte alemaniarrak bere burua igoeraren gizartetzat du. Baina Atzeraldi Handiarekin hazkunde osteko kapitalismoan gaude eta integrazio sozialerako baliabideak eta borondatea ahitzen ari dira.

Nachtweyk azpimarratzen du eraberritutako modernizazioa egon dela baina atzerakoia izan dela. Izan ere, askatasun soziala eta araugabetze ekonomikoa elkarrekin ematen dira: berdintasunaren aldeko urratsak eman diren arren, arlo ekonomikoan atzerako pausoak nagusitu dira. Esaterako, emakumeek lan merkatuan presentzia handiagoa dute baina prekarietate gehiago nozitzen dute. Alemanian ere, kapitalismoaren eta demokraziaren arteko eta askatasunaren eta berdintasunaren arteko tentsioa gora doa gatazka era berriak eraginda. Horregatik, jaitsieraren gizartean alienazio politikoak apatia eta xenofobia dakartza, baina baita herritarren protesta era berriak ere.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide