Egunak aitzina doaz iritzi honen idazteko epea agortu artean jarduteko gaien zerrenda egiten, ondorio bakarrera heltzeko: zertaz idatzi ez bada Kataluniaz, zertaz idatzi ez bada aspaldiko partez interes, ilusio eta zirrara eragin dizkigunaz? Nahiz bestalde nehon agertu ez den zer erranik gutxi egon jada, eta ezin jakin hau agertuko denerako zertan egonen den gaia, erremediorik ez. Horrela, esker beroak zuzendu nahi nizkioke azken asteetan hainbat mailatan egunerokotasun geza inarrosi duen herrialdeari.
Hasteko, historian agian berrogeita hamar urteetarik behin baizik irekitzen ez den zirrikitu horietarik baten lekuko bilakatu gaitu; lurralde batek menpekotasunetik ateratzeko bidean luzaz aurrera egin eta noizbait azeleratzen duen momentu hunkigarri hori ez dukegu hain hurbiletik berriz ikustekoa bulta batez, eta horrela eredu hurbila bihurtu da Katalunia, gure inertzietatik edo saldukerietatik, gehiegi kostatu eta xurgatu gaituzten lorpen eskasetatik, gure proiektu hilaurretatik hara oroitarazi digu posiblea dela, proiektu abertzaleak bide egin dezakeela eta uxatu gure baitatik errotu diguten espiritu erregionalista galtzailea.
Bestalde, Kataluniak frogatu du mundua kordel bidez antolatu zuten estatu inperialisten sistema hau iraungia dela, denbora kontua dela, agian guk ez, baina gure haurrek bai, ikusiko dutela oraindik asmatzekoa den egitura berrien mundua.
Gero, betikotasun eneagarritik atera gaitu, ez baita gutxi.
Ez da egon egunik azken hiru asteetan, zeinetan ez baitut esnatzean berean emoziorik sentitu ekialdeko gertakariei begira, batzuetan onerako, besteetan txarrerako.
Goizero kafea edaterakoan zenbait detaile ernagarri komentatu ditugu, auzitegietako erabakien haritik, diskurtso idor nahiz hegaldi lirikoz eta erreplika umoretsuz jositako hitzen lehia deliziosez elikatu gara, aspalditik ezagunak ditugun itsuskeriak ezin ageriagoak gertatu dira, eta mamu zaharrak beren ziloetatik atera… Irriarrarazi gaituzte batetik eta bestetik durduzatu, itotzeko ahalegin eta neurri kontzertu guziak gordinki bistaratuz.
Harritu gaitu, adibidez ni bezalakoentzat surrealista eta ulergaitza den “Espainia” kontzeptu zurrunak, bereizketa guzien gainetik batzen baititu irrazionalki frente ezberdinak.
Probetxu egin digu, katalanaren ulermen maila egundaino ez bezala emendatu baitugu. Amets eginarazi digute Perpinyatik etorritako boto paperek. Atseginekin entzun diogu Carles Puigdemonti, frantses maila ederrarekin ihardukitzen. Hegoaldeko jendeei zintzarrotsen plazera dastatzeko parada eskaini die.
Gertakariak @cat, #cat eta.cat bihurtu gaitu sarean zilintzo –bistan dena, ez naiz gatuez mintzo–, gure denbora lerroak zipatu ditu gaiak, notifikazioa zerbitzuak sutan jarri, gure jario agregatzaileetara hamarka iturri gehitu.
Oroz gainetik, Europako herri gutxitu guziei gogorarazi digu, katalanek bezala, boten hotsa hazten denean, xapinen kentzeko tenorea heldua dela, etsitu gabe.
Horregatik guziagatik milesker: ukanen dugu zer kontatu gure haurrei eta arra-haurrei!
Pertsonalki –eta katalana banintz gutxiago–, ez nuke itzuli nahiko “betiko bizitzara” Betiko bizitza eramateari utzi ziotenetik katalanek, haiek eta gutariko anitz sekula baino biziagoak sentitu baikara eta behin hau dastatuz gero, esperantza berrindartuz gero, betikotasunerako itzulerari kiratsa dario. Aldatzea zaila izanik ere, anitzez garestiagoa bailitzaiguke lehengora itzultzea. n
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.