Subirano... zer?

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko urriaren 29a

Asteotan subiranotasunaz ari gara han-hemenka, berau aldarrikatuz eta defendatuz batzuk, ukatu eta zokoratuz beste batzuk. Subiranotasun kontzeptua mitoa dela esan ohi du Immanuel Wallerstein soziologoak. Termino hori erabiltzeak mundu-sistema honetan ondorio desberdinak ditu, erabiltzen dugun unearen arabera, ez baita berdin Donald Trumpek edo Carles Puigdemontek erabiltzen dutenean. Terminoak berez ez du ezer esan nahi, erabat ados nago. Izan ere, kontzeptua edukiz jantzi beharra dago, testuinguru batean kokatu. Berdin gertatzen da ere erabakitzeko eskubidearekin: gehiagorik zehazten ez dugun bitartean lausoa da eta kontzeptua gorpuzteko esparru eta lurralde jakinetan lekutu beharra dago.

Kataluniara joan gabe, goazen lan harremanen euskal esparrura eta kokatu gaitezen ostalaritza sektorean. Sektore horretan 45.000 pertsona inguru ari dira lanean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Horietatik 12.000 langile ospitale, erresidentzia eta eskoletako jantokietan ari dira “kolektibitateak” izeneko azpimultzoan.

Azpisektore jakin horretan EAEko Ostalaritzako I. Akordio Markoa sinatu zuten sindikatu nagusiek joan den urtarrilean. Honen bitartez Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako ostalaritzako langileei lehentasunez hemengo hitzarmen kolektiboa aplikatzea adostu zen. Akordioa, aseguru modukoa da, hemengo langileei hemen adostutako itunak aplikatuko zaizkiela bermatu eta Madrildik etor litezkeen murrizketen aurrean babesteko, bertako lan harremanak bertan erabaki daitezen. ELA eta LAB dira sinatzaile nagusiak eta sektore horretan ordezkaritza sindikalaren %77,48a dute beren esku. Zalantzarik gabe, gehiengo oso zabala ordezkatzen dute, edozein legebiltzarretako gehiengo kualifikatua baino are zabalagoa.

EAEko lehendakari Iñigo Urkullu jaunak autogobernuaz asko hitz egiten du, solemnitate handiz. Baina jarrerak ekintzekin neurtzen dira eta lehendakariak akordioak egiten jarraitzen du norekin eta lan esparruko autogobernuaren aurka egiten duten sindikatuekin

Bada, gure lan harremanen esparruan gutxiengo diren sindikatuek, CCOO-ek eta UGT-k alegia, erabakitzeko eskubidearen aurkako eraso benetan larria egin dute: Ostalaritzako I. Akordio Markoa inpugnatu egin dute estatuko patronalarekin batera. Jokaldi horrekin, lan harremanen euskal esparrua ukatu eta estatuko lan hitzarmenak inposatu daitezen eskatzen ari dira. Inpugnazioak aurrera egitekotan, latza izango litzateke kolektibitateetako langileentzat: hemengo lan hitzarmenen ordez estatukoak aplikatzeak soldataren %50eko murrizketa ekar dezake, eta urtean 50 lan ordu gehiago egin beharra. Finean, estatuko sindikatuek estatu mailako marko baten defentsan, ordezkaritza sindikala monopolizatzea dute helburu. Estatalizazioak lan baldintzen homogeneizazioa dakar berarekin eta CCOOek eta UGTk horren aldeko apustu garbia egiten dute, baita langileen kalterako denean ere.

EAEko lehendakari Iñigo Urkullu jaunak autogobernuaz asko hitz egiten du, solemnitate handiz. Baina jarrerak ekintzekin neurtzen dira eta lehendakariak akordioak egiten jarraitzen du norekin eta lan esparruko autogobernuaren aurka egiten duten sindikatuekin. Ez hori bakarrik, gurean gutxiengoa duten sindikatuekin hitzarmenak adosten segitzen du, gehiengo sindikala ukatuz eta zokoratuz. Aliantza horiekin joko demokratikoaren eta autogobernuaren aurka egiten du aldi berean. Baina lehendakaria eroso dago, hain zuzen ere aliantza horrek bake soziala bermatzen diolako.

Eta bai, Wallersteinek arrazoi du: erabakitzeko eskubidea oso kontzeptu lausoa da. Ez da berdin Urkulluk erabiltzen duenean edota euskal gehiengo sindikalak gauzatzen duenean. Galde diezaiegun bestela, kolektibitateetako langileei ea ezberdintasunik ikusten duten. Lehendakariak entzungor egiten duen arren, berak ere badaki, negoziazio kolektibo propiorako eskubiderik gabe, autogobernurik ez dagoela.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide