Oraindik urrun ikusiko dute askok urte berria. Astea luze egiten ari zaionak oraindik eta urrunago, ziur. Izango da iragan urte zaharra 2018a baino gertuago ikusten duenik ere! “Oraintxe geunden-eta urtarrilean!” esango du bateren batek. Baina hamar hilabete azkar pasa badira, pentsa bi zein abiaduratan igaroko zaizkigun. Nik saltoki handiren bateko erakusleihoren bat ikusi dut dagoeneko Gabonetako apaindurekin. Pentsa!
2018a gainean dugu, eta ARGIAk urte berrirako prestatu nahi zaitu, urtero bezala. Aurten ez dugu urtekaririk izango urtarrilean, baina ARGIA aspalditik ezagutzen dutenei segur naiz jada bururatuko zitzaiela zertaz ari garen. Noski, klasiko bat: ARGIAren egutegia. Zein Argiazalek ez du oroitzen Durangoko Azokako ARGIAren mahaia egutegiz josita? Aurten ere ez dugu hutsik egin, eta dagoeneko salgai dago ARGIAren webguneko dendan.
Egutegia ezagutzen duzuenoi alferrik azalduko dizuet berezitasuna, zenbaki bakoitzaren atzealdean jarri ohi dugun asmakizun, kontakizun, aipu edo bitxikeriaren kontua. Baina agian interesatuko zaizue aurten orrialde bakoitzean zein gai aurkitu ahal izango dituzun jakitea. 2018ko takoa egiteko, aurten kazetari eta kolaboratzaile bat baino gehiago aritu gara lanean. Zergatik? Bakoitzak bere gustuko atala landuz edukiari aniztasuna eman nahi izan zaiolako. Gainera, Argiazale batek baino gehiagok adierazi digu, dosi txikietan bada ere eduki interesgarria jaso nahi dutela gure egutegian. Horrela, bada, batzuk umoretik, beste batzuk jolasetik, serioagoak hurrenak, baina baratzea, hizkuntza gutxituak, kirola, feminismoa, hezkuntza edo ingurumena bezalako gaiak aurkituko dituzu, besteak beste, eta astekariko Denboraren Makina edo Beranduegi ataletatik aukeratutako hainbat pasarte ere bai. Horrekin batera, Euskal Herriaren historiako hainbat pegatina jarri ditugu erakusgai, sare sozialetan arrantzatutako ipuin-laburrak... Eta dena kontatuko ez dizuedanez, gozatu sorpresaz eguneroko dosi txikia.
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.