Bizitzaren bidaia

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko urriaren 29a

Liburuaren azalean ageri dira obra honetako protagonistak, Xuban eta haren aita, eta hasieratik ikus dezakegu bien arteko harremana eta batek bestea babesteko nahia. Barruko lehen irudian bertan ageri zaizkigu aita-semea eskua emanda eta nola begiratzen dioten elkarri. Eta babes sentimendu horren inguruko obra dugu hau; bizitzari aurre egiteko zer egin behar dugun, nola egin aurre zailtasunei eta eragozpenei.

Zeruan dauden enarak Lurraren beste muturrera doazela esaten dio aitak Xubani, eta honek orduan: “Handitzen naizenean, horren urrun joan ahal izango naiz ni ere?”. Eta hain zuzen, aitak baietz esatean, “baita urrunago ere”, sortzen zaizkio Xubani kezka, beldur eta zalantza guztiak. “Eta haizea harrotzen bada?”, “Eta olatuek bustitzen banaute?”, “Eta iluntzen badu?”, “Eta beldur banaiz?”… Galdera guztiei erantzuna ematen die aitak. Semearen beldurrei eta kezkei, erantzun baikorra eman nahian.

Liburuaren egituran, ezkerreko orrialdean ageri zaigu Xuban arazo berrien aurrean kezkatuta, larrituta, beldurtuta; eta eskuinean, aldiz, aitaren erantzunarekin batera Xubanen beste irudi bat, arazoari irtenbidea emanez, irribarrez, aurrera egiteko adoretsu.

Egitura errepikakor honetan ageri dira haurrari bidaia horretan zehar bururatzen zaizkion zalantza guztiak, batzuk egoera fisikoarekin erlazionatuak, beste batzuk, aldiz, bere sentimenduekin (triste, bakarrik, beldur…); horiei guztiei erantzun egokia ematen die aitak, baita amaiera aldean “Eta urruti baldin bazaude?” bezalako galdera ilunei ere, heriotzaren presentzia gogoraraziz.

Xubanen zalantzak argiturik, aita-semeek hondartzan ibiltzen jarraitzen dute: “Beraz, horren bidaia luzea egin ahal izango dut? –galdetu dio Xubanek. –Horixe! –erantzuten dio aitak– Baina ez izan presarik, bizitza osoa duzu-eta hara iristeko”. Eta bizitza bidaia horixe dela erakusten zaigu; zailtasunei, beldurrei, eragozpenei aurre egin beharreko bidaia.

Liburu sinple eta eder honen irudiak oso errealistak dira, sinpleak eta argiak; zenbaitetan haurraren sentimendua kolorearen tonuan ageri zaigu islatuta, beste batzuetan eguna eta gauaren denbora pasa iradokitzen, baina bai batzuetan nahiz besteetan itxaropenerako deia ikus dezakegu Xubanen irribarrean.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide