Fast politics eta astigar errea

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko azaroaren 5a

Nahi nuke udazkeneko astigarrak dituen kolore zoragarriei buruz idatzi, hil zaigun lagunak utzi duen hutsuneaz, eskolara lehen aldiz joan den umearen begirada urtuaz. Horretaz nahi nuke idatzi. Baina ezin dut.

Ezin dut albo batera begiratu edo gertatzen ari denaren aurrean isilik geratu.

Egunkarietako azalek eta albistegietako tituluek agindu didate premiazkoa dela beste gai bati buruz idaztea. Manatu diete politikariei nola, noiz, zenbat eta zenbatero hitz egin behar duten. Aldiro botoa emateko eskubidea duen ikus-entzule edo irakurle huts bilakatu nahi naute. Telebistako zuzeneko emanaldiek kutsatu egin dute politika. Bideo-politikak irentsi egin du plazako hitzaldi luzea.

Fast politics. Epe laburrekoa. Mehatxatutako epeak. Uneko erabakiak. Bat-bateko erreakzioak.  Zuzeneko okerrak. Ondo dakite komunikabideek gure arreta erakartzeko ez dagoela betiko narrazioak bezalakorik: hasiera-klimaxa-amaiera, pertsonaia onak eta txarrak, ekintza, suspensea, tentsioa.  

Errusiar erruleta. Arma bi. Batean, aldebakarreko independentzia aldarrikapena. Bestean, 155 zenbakia daraman txeke zuria. Bi gizon elkarri begira. Eskua lehenago nork mugituko zain. Ikuskizuna luzatze aldera, dena epeka. Dena hordagoka.

Fast thinking. Pentsamendu azkarra. Arina. Berehalako iritzia, interpretazioa, balorazioa. Gaixoa hiltzear oraindik eta autopsia dagoeneko eginda. Egia-ostea baino, egia-aurrea. Bitartean, aditurik adituenak hitz eta pitz etengabean telebistan, irratian… Analisi politiko zorrotzak, goi-mailako azterketak telesaio edo irratsaio baten neurrian. Nahierara.  

Eta komunikabideen logikak maite nuen politika gaiztotu egin duela idatzi behar nuenean, plast! Gobernu bateko ministroen kontseiluko politikariek maite dudan komunikazioa askatzea erabaki dute: ikus-entzunezko hedabide publikoetan “informazio egiazkoa, objektiboa eta orekatua” bermatuko dute, baita “pluraltasun politiko, soziala eta kulturala” ere. Alajaina, bazen garaia! Publikoetan zein pribatuetan…

Ziztu bizian agertu dira han eta hemen horrelako asmoaren aurkako salaketak: kazetariak, erreportariak, albistegietako kontseiluak… Orduantxe esnatu naiz. Nola liteke kazetariak egiazko informazio objektibo eta orekatuaren aurka agertzea? Hitz eder horien atzean mehatxu iluna ulertu dute biek ala biek, politikariek eta komunikatzaileek, ondo ulertu ere. Mintzoaren azpiko esangura, hitzen azpisugea xuxurlari. Zertarako idatzi, zertarako irakurri, zertarako hitz egin, berbaren balioa betirako galdutzat ematen badugu? Hasierako asmora itzuli naiz amaieran. Astigarrari so egin diot berriro. Ez du jada kolorerik. Suteak kiskalita, edo haize beltzak izoztuta, ez dakit. Hori udazken honetako haize zakarrak utzi duena.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide