OLBEren denboraldi mamitsua

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko azaroaren 5a

Opera zaleontzat disfrutatzeko garaia iritsi da, OLBEren denboraldia urriaren 21ean hasi baita. Benetan zoriondu behar da OLBE bere 66. denboraldian, hainbeste urtetan kalitatea eta ilusioa mantentzeagatik. Titulu gehiago edo gutxiago, krisi ekonomikoen arabera askotan, ohiko goreneko mailari hortxe eutsi dute.

Aurtengo egitaraua bereziki gustagarria da. Errepertorioko lau titulu izango ditugu, operaren historiaren ibilbidea azaltzen dutenak: Don Pasquale, Manon, Salome eta Norma. Bestalde, gutxitan programatzen den Giuseppe Verdiren I Masnadieri operarekin jarraipena emango diote Tutto Verdi zikloari. Ziklo honen helburua da urteetan zehar Verdiren opera guztiak antzeztea. Izan ere, konpositorearen 28 operetatik, bakarrik hiru titulu gelditzen dira antzezteke, aurtengoa kontutan hartu gabe.

Esan bezala, bost opera hauekin lirikaren munduaren bilakaera erakutsiko da. Verdiren I Masnadieri-tik hasita, XX. mendeko Richard Strauss-en Salome-raino, Belliniren Norma lan erromantikoa tartean izanda.

Izarrak ere egongo dira aurtengo edizioan: Aquiles Machado tenore venezuelarra I Masnadieri-ren protagonista izango dugu; Carlos Chausson baxu handia disfrutatzeko aukera izango dugu Don Pasquale-ren emanaldietan; Celso Albelo tenorea protagonista gisa arituko da Manon operan; Emily Magee soprano estatubatuarra Salome izango da eta Anna Pirozzi eta Gregory Kunde gure artean izango ditugu Norma operaren bertsio gozagarria egiteko.

Fosoan, bestalde, batuta onenak izango ditugu: Miguel Ángel Gómez Martínez, Alain Guingal, Erik Nielsen eta Pietro Rizzo arituko dira Bilbao Orkestra Sinfonikoa eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoekin batera.

Halere, OLBEk ekintza gehiago prestatu ditu aurtengo ediziorako. Opera publiko berriei zabaldu nahi die, eta asmo honekin Opera berri programarekin jarraitzen dute, sarreren prezioa erdira jaitsiz; bestalde, GAZTEAM programarekin 750 bazkide gazterengana iristeko helburua dute. Eta ezin dugu ahaztu ABAO-TXIKI denboraldia, umeei zuzendua. Aurten 13. edizioa izango da, eta honako tituluak izango ditu: Toyshop, pampiñen mundo magikoa, azaroan, Gabonetako ipuin bat, urtarrilean, Dickensen ipuinean oinarrituta, Pedro eta otsoa, martxoan, eta Allegro Vivace, denboraldia amaitzeko.

Beraz, opera asko eta ona. Gerturatu zaitezte.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide