Ba al zenekiten Ingalaterran milaka emakume feminista eta bakezaleek 19 urtez base militar bat okupatu zutela, 1981 eta 2000 urteen bitartean? Greenham Common Ameriketako Estatu Batuen (AEB) basea zen, Berkshiren kokatutakoa, eta NATOren aginduz han misil nuklearrak gordeko zirela salatzen hasi zen Women for Life on Earth (Lurran Bizitzaren aldeko Emakumeak) taldeak.
1981eko irailean, 36 emakume harresian kateatu egin ziren. Hala ekin zioten urtebetez mantenduko zuten kanpamentuari. 1982ko irailean gobernu lokalak kanpalekua desegitea agindu zuen, baina emakumeek ez zuten amore eman. Abenduan Embracing the base ekitaldian 30.000 emakumek inguratu zuten basearen perimetroa. Baina hori ez zen ekitaldi jendetsuena izan; 1983. urtean 70.000 lagunek osatutako 23 kilometroko giza katea inguruko bi arma fabriketaraino zabaldu zen.
1991n AEBek Greenham Commonetik misilak eraman zituztela eta 1993. urtean basea ixtea erabaki zen arren, emakume multzo baten presentzia mantendu zen 2000. urtera arte, landa hori publikoa bilakatu zedila eskatzeko eta, gerora, antimilitaritarismoaren memoria gune bezala finkatzeko
Hamaika etxe huste eta atxiloketei aurre egin zieten. Inguruan kanpamentu berri bat ezarri, hainbat lagun basera sartu eta kanporatuak izan arte dantzan egiten zuten. Gerraren unibertso maskulinoaren aurrean, emakumeen kultura bakezalea eta zaintzei lotutakoa zela azpimarratzen zuten. Beste ekitaldi batean, partaide guztiak hartz pelutxez mozorrotu ziren, gerraren mehatxuak haurren segurtasuna urratzen zuenaren mezua irudikatzeko.
1991n AEBek Greenham Commonetik misilak eraman zituztela eta 1993. urtean basea ixtea erabaki zen arren, emakume multzo baten presentzia mantendu zen 2000. urtera arte, landa hori publikoa bilakatu zedila eskatzeko eta, gerora, antimilitaritarismoaren memoria gune bezala finkatzeko.
Garaiko hedabideek mugimendu honen garrantzia zalantzan jarri zuten eta familia balore tradizionalak puskatzen zituzten sorgin talde baten karikatura zabaldu zuten. Hauxe zioten: “Haurren segurtasunagatik kezkatuta bazeuden, zergatik ez ziren etxean seme-alabekin geratzen, ume eta guzti base militarrera iskanbila egitera joan ordez?”. Etxekoandrearen ereduarekin apurtzea eta subjektu politiko bilakatzea zen emakume horien bekatua.
The Guardian egunkariko artikulu batean Beeban Kidron kazetariak dio emakumeen kanpamentuak aitortza eskasa izan duela, nahiz eta desobedientzia zibilaren eredu paregabea izan. “Greenhamen emakume belaunaldi batek esparru publikoan bere ahotsa deskubritu zuen. Inklusibotasuna eta aniztasuna sustatzen zituzten, diskurtso nagusi bakarraren ordez, ikuspegi ugari zabalduz. Gehienek baino lehenago identifikatu zuten politikariek jende arruntaren interesak alde batera utzi eta gerrazale eta nazioarteko negozioen interesen alde egiten zutela”.
Gertakari horrek gurean ere oihartzuna izan zuen. Euskal Herriko emakume asanbladetako hainbat kide Ingalaterrara joan ziren ekimen horretan parte hartzeko. Inspirazio horrekin 1986an, Eibarreko arma fabrikaren kontrako protesta feminista bat antolatu zuten, eraikinaren inguruan artilezko armiarma bat zabalduz. Begoña Zabalak Movimiento de mujeres. Mujeres en movimiento liburuan (Txalaparta argitaletxea) kontatzen du antimilitarismo eta borroka armatuaren inguruko eztabaida oso aberasgarria elikatu zuela mugimendu feministaren barnean. Pentsa, gure herriko testuinguruaz gain, 80ko hamarkadan Erdialdeko Amerikako iraultzen alde egin zuten euskal feministek. Aspaldi irakurri nuen liburua, hala ere, nire memoriatik desagertu egin ziren bai Greenham Common, bai Eibarreko protesta hori. Berriro ere istorio hau ez ahaztea eta oihartzun berrietan parte-hartzea erabaki dut gaur.
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.