Nork dio kontzertuetarako toki egokienak antzoki handiak direnik? Zergatik ez hurbildu gure kulturaren zati garrantzitsu diren musikariak gure kulturaren beste zati garrantzitsu diren baserrietara? Galdera horiei erantzuna emateko asmoz sortu du Baserriko Uzta ekimena EHKOlektiboak, Paperezko Kontzertuak eta Zuzeu albistari digitalaren laguntzarekin. Urtaro bakoitzeko musikari baten kontzertua antolatu dute Euskal Herriko hainbat baserritan. Azaroan eman diote hasiera proiektuari.
Ekologikoan ekoizten duten baserritar txikiak ez ezik, baserritar horien lanarekiko atxikimendua duten herritarrak ere biltzen dira EHKOlektiboan. Baserriko Uzta ekimenaren ideia herritarrek osatzen duten lantaldetik atera zela azaldu du Josebe Blanco elkarteko kideak Euskadi Irratian: “Kolektiboan gauza interesgarriak egiten ari ginen barrura begira, baina lanketa hori guztia nolabait kaleratu behar genuela ikusi genuen. Eta nola hobeki modu ludiko batean baino?”.
Ez dira kontzertu soilak izanen. Kontzertu aurretik hurbildutakoek baserria bisitatzeko eta bertako lanak hurbiletik ezagutzeko aukera izanen dute. Etxaldeetan zer eta nola egiten duten erakustea da helburua, herritarrak baserrira hurbiltzea. “Gure etxeetan kulturak presentzia handia dauka. Lanean ari garenean, ukuiluan edo gazta egiten, beti hor dago musika”, dio elkarteko partaide eta ekimeneko lehen kontzertua jasoko duen baserriko kideak.
Lau kontzertu antolatu dituzte Baserriko Uzta ekimenaren barruan. Azaroaren 4an izan da lehenengoa, Blancoren Antzuolako (Gipuzkoa) Pikunieta baserrian. Anariren kontzertuaz gozatu ahal izan zuten udazkeneko uztara hurbildu zirenek. Hurrengo uzta, negukoa, Etxarri-Larraungo (Nafarroa) Arbegain baserrian izanen da otsailean: Beltxaren Bikotea arituko da bertan. Rafa Ruedak hartuko du parte udaberriko uztan; maiatzean emanen du kontzertua Urduñako (Bizkaia) Santa Clara baserrian. Azkenik, Mikel Urdangarinek itxiko du egitaraua, uztailean Arbonan (Lapurdin) emanen duen kontzertuarekin.
“Jende gazte asko ari da izena ematen, eta horietako asko ez lirateke baserrira hurbilduko bestela. Baserriarekin printzipioz interes handirik ez duten gazteak gerturatzeko modu bat izan daiteke ekimena”, dio Blancok. Ongi etorriak izan bitez baserriarekin berradiskidetuko gaituzten ekimen guztiak.
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.