Martin Bidaurrek-eta gura izan zuten muntatu beste Lubaki Banda bat, baina lainoen zain geratu ziren gero. Martin Bidaurrentzat itsaso zikina da izara gris bat, Itzulera da poema liburu bat joan-etorrikoa, etengabe dabilena lehenaldira eginez etorkizuna barruntatu nahian.
Uneka gogorarazi dit Peru Iparragirre (Okzitaniako Tolosa, 1996) eta haren kamera eta haren gelatinan errebelatutako argazki aldakorrak. Nostalgiarako adina justu-justu leukake Peru Iparragirrek, eta jada etorkizuna botako luke faltan liburu honetan. Baina estetikaren zentzu klasikoa dauka liburu honek era berean, Bordaxuri akordatu eragiten duena.
Inoiz ez ditu esaten gauzak zehatzegi Martin Bidaur delako honek, eta agian horregatik lortzen du zorroztasun hain harrigarria: “Gaurtik aurrera ez dut/ sekula gehiago izanen etxerik/ motxila honetan ez dira/ gurasoak kabitzen/ haiekin zer egingo ote duten/ iluntzean naramate dagoeneko/ inora ez doan bidean behera”. Itzulera erraz ulertzen den bere baitan bildutako misterio bat da. Itzulera den ihes eder horretan idazten du poetak hemen geratu gura duela.
Barne gatazkak eta beldurrak, bizitza eta heriotzaren presentzia, dena da hemen ahaztura, gogoratzearen bidez: “Haur denboran/ eskola katolikoan/ ikaskide batek”. Poema oinazetsu eta trankilen bidez pertsonala dena kontatzen du, eta hein berean kontatzen du mundua.
Lirismo errealista biluzi hori, Parisi dedikaturiko zatian batez ere, azkenaldian irakurri dudan poesia ondratu, gordin eta ederrena da. Testimonioa uzten du haurrarena, nerabearena eta poesia sano heldu batekin gizonarena. Testimonioa, borrokarena eta ezinbestean aurretik eroan dituen gauzena. Irakurlea inarrosi ez, baina apurka-apurka daroa ezintasunen mundu batera, tokatu zaigunaren kontakizun etsira.
Galeretan hil zirenen kontrara, Martin Bidaur errenditzen zaio bizitzari eta aurretik daukagun bideari. Azken ahapaldietan galdetzen dio bere buruari: “Behin eguzkitan erreta/ ba al dago itzaletara/ itzultzeko modurik// alderantzizko bideak/ eramango al nau/ inora”. Galdera ikurrik behar ez duten galderez beterik dator Itzulera. Itzulera da liburu bat esperantzari idatzia ernegaziotik.
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.