Azken hilabete eta aste hauetan, Aldudeko ibarrean zorigaitz franko gertatu zaigu: bat bertzearen ondotik zendu dira hainbat herritar, gazterik, batez ere minbiziarengatik. Ohi den bezala, jendeak eta predikariek azpimarratu dute presuna horien “kuraia gaitzaren kontra”, “ihardukitzeko” eta azken uneraino “oldartzeko eta borrokatzeko indarra”, eritasunaren “zuzengabeko garaipenari amore eman arte”.
Erran-molde horiek gogorarazi didate Marc Billaud ikerlari kantzerologoak, Julie Henry filosofoak eta Pierre Sujobert hematologoak Le Monde Diplomatique astekarian idatzi Trompeuses métaphores du cancer (Minbizi metafora engainatzaileak) artikulua (750 zb., 2016ko buruila, 28. or.). Susan Sontagek Illness as Metaphor (1978) (Eritasuna metafora gisa) kritika liburuaren ildotik, erakusten dute gaur egundaino biziki arrunki aipatzen dela minbizia gerla, asozialtasuna eta erotasunaren metaforak erabiliz: soziopataren gisa, zelula gaiztoak ez ditu errespetatzen zelula sanoen komunitatearen arauak; bere burua baztertzen du psikopaten gisa; bortizki kolonizatzen ditu gorputzeko gune berriak; ondorioz, eri den presuna bera asozial, ero edo lanjerostzat dauka gizarteak, eta maiz “barkatzen ez duen eritasuna” eufemismoaren bidez soilik deitzen dugu minbizia. Bizkitartean, epaiketa moralen bidez aipatuz minbizia, ustekabean areagotzen diegu mina sufritzen duten presunei. Gehiago dena, gero eta gehiago uztartzen dira gerla eta minbizia solas publikoetan: gatazkan sartuak gara eritasunaren aurka; kanpaina abiatua da minbiziaren kontra, armak prestatzen ditugu haren kontra ihardukitzeko; hedabideetan, terrorista islamistak zelula gaiztoei konparatzen dira, eta haien kontrako eraso bortitzak (bazter sanoak berdin errausten dituztenak) beharrezko terapiari.
Hots, eta etxeko auzoan berean frogatu dut, inplizituki galdegina zaio eriari soldadu kementsu eta heroikoa izatea, etsaiari gogor egiteko, eta ez otoi ahalkegarriki amore ematea, koldar edo traditzaileen gisa. Zinez, ikaragarriko presioa ezarria zaio, iduri eta gure beldur psikologiko, sozial eta politikoez nahi gabe kargatzen dugula. Jakinez, gainera, estresak balukeela zer ikusirik minbiziaren garapenarekin, metafora arruntez josi solasek egoera okertu baizik ez dezakete egin.
Testuinguru horretan, medikuntza eztia gero eta beharrezkoagoa agertzea ez da harrigarri: fitoterapia, naturopatia, Ekialdetik etorritako meditazio eta lasaitze saioak... Baina gure mintzatzeko moldea ere beharko genuke menturaz artatu, eta kasu eginez erabili delako metafora haiek, eriak baztertzen, kondenatzen, hobendun sentiarazten dituztenak.
Urrunago joateko, nago ez ote dugun nahigabe berdintsua eragiten Historiako garai batzuk “depresiboak” deituz, adibidez mundu mailan Mendebaldeko gizarte kontsumistaren aro garaikidea, edo Euskal Herrian euskararen erabilera nekatzen ari den gaurko garai hau.
Beste batzuen artean, XIX. mendean Alexis de Tocqueville filosofoak nabarmenki erabiltzen zuen eritasunaren metafora demokraziak eragin gaitzak aipatzeko, eritasun berezirik izendatu gabe, haatik.
Nik ez daukat sendagailu segurik proposatzeko, baina bai eriak hobeki laguntzeko, bai guhauren burua ez eritzat jotzeko, saia gaitezke eztitasunez mintzatzen, umorea eta jokoaren bidez, metafora baikorrak edo baketzaileak erabiliz.
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.