Dantza egiteko gasolina

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko azaroaren 19a

Gose taldeak oso ibilbide luzea egin du, sorreran askok espero genuena baino emankorragoa. Zerotik hasi zen taldea, trikia eta elektronika batera askatzen, proposamen desberdinak sortzen eta eskaintzen, eta jantzi goxoaz bazen ere, probokatzen eta gauzak argi esaten. Ia oharkabean beraien lekua eraiki zuten eta asko izan ziren lortutako gailurrak. Izan ere, lorpen oso bitxiak izan zituzten, distantzia hartuta perspektiban ikusi beharko ditugunak. Baina, era berean, urte gogorrak izan dira, erritmo bizikoak, geldiezinak… eta azkenean heldu zen atsedena hartzeko unea, gaindituta; ilusioa eta jakinmina direlako benetako gasolina. Gasolina gabe ez dago dantza egiterik.

Tarte honetan horietako batzuek gasolina batu dute eta, errazena Gose berpiztea bazen ere, beste motore bat jarri dute martxan, oraingoan ere zerotik hasita eta probokatu nahian. Anita Parker izen enigmatikoaren atzean Iñaki Bengoa eta Jon Zubiaga Osoron arrasatearrak daude, eta beraiekin batera Skalariak taldeko sortzaile Olatz Andueza lakuntzarra eta Zango taldeko Ane Martinez bilbotarra.

Sei kanta batu dituzte estreinako disko honetan eta beste horrenbeste talde berria zuzenekoetara ikusi eta entzutera joaten direnentzat gorde dituzte. Elektronika presente dago, jakina, baina honi bestelako soinuek hartu diote aurrea; bereziki swingak. Hala, Orain eta beti jostaria da, jai girokoa, swingak barra-barra kutsatzen duena, bonbardinoak indartuta eta gogora dakar, halabeharrez, Goseren tankera parrandero eta zirkoeroena. Entzun gabe aldiz, intimoago hasten da, Wicked games-en tenorean, eta elektronikak pisua hartzen duen heinean dantzaleku erdira eramaten zaitu. Michelle hit!a da, elektroswing hutsa, gitarra aberatsak lagundu eta soulerantz ere amiltzen dena. Amaia barnerakoia da, Amaia Apaolaza lagunari eskainitako pop elektroniko pieza sarkorra. Izar gorria-k ere swinga dauka oinarri, oso jostaria da, baina gitarren pisuarekin ukitu amerikarra ere hartzen du nabarmen. Diskoa ixtearen ardura Bitxo mugaldeko piezak dauka, eta pausatua eta beroa, Kubara ere eramaten gaitu. Lana motza egin zait, baina ziur epe laburrerako sorpresaren bat izango dutela besopean!

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide