Asier Etxenikeren hitzak dira, Alea aldizkarian jasoak: “Gure ingurua uste duguna baino euskaldunagoa da, baina horretaz jabetu behar gara euskaldunak, kontzientzia hartu behar dugu eta euskaraz bizitzeko ditugun aukerak baliatu...”
Ideia hori erabat berretsi zen Gasteizen, Euskaltzaindiak egindako XXII. Jagon Jardunaldian. Hantxe azaldu bezala, VI. Inkesta Soziolinguistikoak erakutsi du 16-30 urte bitarteko lau arabarretik hiru euskaldunak direla. Euskararen erabilera orokorra, % 5,6koa baino ez bada oraindik, 1,3 puntu igo da 2011tik 2016ra. Haur eta nerabeek datu altuagoak emango lituzkete, dudarik gabe. Era berean, VII. Kale Erabileraren Neurketak ere goranzko joera erakutsi duela azaldu zen jardunaldi horretan.
Bilakaera positibo hori bultzatzen ari diren hainbat ekimen herritar, profesional eta instituzionaleko ordezkariek ahotsa izan zuten esandako jardunaldian. Prozesuaren argi-ilunak agerian jarri ziren, betiere oso tonu orekatu eta neurtuan. Aurrera begirako sentsazioak, oro har, itxaropentsuak eta ilusionagarriak.
Lerro-burua, hala ere, baina batez amaitu dugu. Zergatik? Hizlarien pisuzko kezken eta kexen artetik bat gailendu zitzaien gainerakoei: Trebiño Konderriko testigantza gordina. Izan ere, Araba den –edo izan beharko lukeen eskualde hori– “ez da Araba” euskarari dagokionez. Hala esan zuen Gutxisolo elkarteko Pilar Ansotegik, baieztapen hori argudio esanguratsu ugariz hornituz.
Lerro-burua, hala ere, “baina” batez amaitu dugu. Zergatik? Hizlarien pisuzko kezken eta kexen artetik bat gailendu zitzaien gainerakoei: Trebiñuko testigantza gordina
Trebiñoko Konderrian egin diren urratsak miresgarriak dira, besteak beste Argantzun ikastola ireki izana. Emandako pausoak azaltzearekin batera, eskualde horretako ordezkaria beste ahots batzuen bozeramailea ere izan zen. Larriak ez balira, esperpentikotzat jo genitzake euskararen inguruko pasadizo batzuk; adibidez, guardia zibilak ikastola inguruetan kontrolak jartzea. Euskara arriskutsua omen Castilla-Leongo erkidegoan; baita erabat atzerritarra ere. Afrika edo Asiako hizkuntzak bezain arrotz, hain zuzen, ez baitute erkidego autonomikoaren ofizialtasunean zirrikitu txikienik ere. Bestalde, Arabako erakundeen eskumenetatik harago daude; “ez da Araba” euskarari dagokionez. Horren guztiaren ondorioz, euskara bultzatzeko ahaleginetan dena bihurtzen da zailtasun eta oztopo.
Trebiñuko kontakizunak frankismo garaiko bizipen latzak gogorarazten zizkigun entzuleei. Daukaten helduleku ia bakarra herritarren babesa da. Hango egoerarekin alderatuta, Arabako (beste) lurraldeetan izandako aldaketa agerikoa da. Horregatik, faxismoaren inertzia astuna Espainian inoiz gaindituko bada, Konstituzioak izan beharko lukeen errotikako eraldaketan lekuan lekuko hizkuntzei aitortza egin beharko zaio. Bitartean, Araba euskaldunagoa, bai, baina…
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.