Lekutan, tiradera batean bazterturik edo artxibategi historiko batean kontsultarako egon beharko luke tradizio ezkertiar zaharkitu hark, langile alderdien printzipio teoriko bat zena: haren arabera, alderdi bakoitzak bere sindikatua sortu behar zuen, guztiz alderdiaren kontrolpean, sindikatua izanik “abangoardiatik” langileriaganako “transmisio uhala”.
CCOOri galdetuko bagenio, autonomia sindikalaren alde agertuko litzateke sutsu teorikoki. Baina norengandik autonomo, eta Izquierda-Ezkerrarengandik (I-E) jakina! Alta, eta horra hor sorpresa, elkarrekiko lotura aldrebestua dute CCOOk eta I-E-k: alderdia da sindikatuaren “transmisio uhala”, ez langileriarengana, botere erakundeetara baizik. Zerikusi du horrek, jakina, askoz indartsuagoa izateak sindikatua alderdia baino. Alderdiaren babes politikoa, haren boto habia, sindikatuan dago gizarte zabalean bainoago.
CCOOk Izquierda-Ezkerraren autonomia bahitu eta ‘transmisio uhal’ gisa erabiltzen du botere erakundeetara transmititzeko bere federazio bateko gehiengoaren interesak
Bertzalde, oso uste ezkertiar partekatua da langile klase-sindikatu batek langileria osoa izan behar duela buruan, edozein errebindikazio ekonomiko, sozial, kultural, administratibo edota politikotan abiatzerakoan. Klase-sindikatuen ezinbertzeko baldintza da hori, definiziozkoa izateraino. Halere, maiz, langile talde zehatz batzuek, klase-sindikatuetako federazio/sail batzuek, bertze batzuek baino pisu eta indar gehiago dute. Eta maiz federazio horien eskaerek ez dute kontuan hartzen euren errebindikazioek ez ote dituzten oztopatzen, bai eta zanpatu ere batzuetan, bertze kolektibo baten eskubideak. Nolabait, oihaneko legea altxatzen da sindikatuen barneko langile taldeen artean: indartsuenak jan, gainerakoak hor konpon. Ba, horixe dute arazo bat CCOOk eta berak bahituriko I-Ek, Nafarroan, irakaskuntza publikoko oposizioetarako zerrenda bikoitzaren aldeko beren jarrera lekuko.
Kezkagarria CCOOren jarrera. Korporatibismo hutsean itota, bere alderdia nafar gobernuaren bermatzaileetako bat delarik, I-Eren autonomia bahitu eta “transmisio uhal” gisa erabiltzen du botere erakundeetara transmititzeko bere federazio bateko gehiengoaren interesak. Korporatibismo hutsa eta, agian, bertze mapa politiko baten bila ez ote den hasi alderdi politikoa…, holakoak eta bertze aipatu dira hedabideetako artikulu eta iritzi batzuetan. Baliteke. Baina kontuan hartzekoa da auziaren bertze ertz hau ere, sindikatu eta alderdi politikoaren arteko lotura aldrebestua agerian uzten duena. Ez dira ahaztu teoria zaharkitu hartaz, gainditu dutelakoan daude, baina haren kalkoa egiten dute, eta are aldrebestu ere transmisioaren norabidea: CCOO bihurtu da, bistan da, euskarazko lanpostuei dagokienez alderdiaren gidari “abangoardista”.
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.