Hezkuntza neoliberalaz

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko abenduaren 31

Denok badakigu Lehen eta Bigarren mailako hezkuntzetako programa eta helburuak politikoki bideratuak izaten direla, bai orokorrean –adibidez, matematikei ordu kopurua emendatzen zaienean, hizkuntza ordu kopuruak apaltzen diren ber; edo ikasleak behartuz ingelesa lehen hautuzko hizkuntzatzat aukeratzera–, bai ikasgai xehetan –hara nola aurre-historia aitzineko iragan guzia isilpean utziz, XX. mendekoa, alderantziz, zabal eta luze aztertzera inposatuz, betiere, bistan dena, garaileen bertsio ofizialaren ikusmoldeari jarraikiz. Gisa berera, sumagarri da politika mundua menpeko daukan sistema kapitalistak dituela bultzatzen, zuzenki ala zeharka, delako programa haiek. Hori argi da, konparazione, 13-15 urte arteko nerabeei zuzendu “lan-mundu deskubritze” jardunaldiak aztertzen baldin badira, lan-mundua osoki enpresa errentagarriaren ereduari lotzen dutelako. Halere, politikoki zuzen egon beharrean, iruditzen zait orain arte Hezkuntza saileko administrazioak ez zituen argiki asumitu kutsadura horiek.

Bizkitartean, irakasle gisa berriki segitu dudan formakuntza batean gertatu da hezkuntza teknokraten coming-outa. Hain zuzen ere, saio hartan bilduak ginen irakasle andanari, Hezkuntza Nazionalaren hitz ofizialetik mintzo zen ikuskariak aktibitate harrigarria eginarazi zigun. Okzitaniako Tolosako Unibertsitateko pedagogo baten hitzaldia erakutsi zigun bideo baten bidez. Horretan, 9 urteko haurrendako matematika problema batetik abiatu zen, hau da: 2 euroren truke bi pilota erosten badira, jakinez batak besteak baino 0,5 euro gehiago balio duela, zenbat balio du pilota bakoitzak? Jende gehienak, gehiegi gogoetatu gabe, erantzuten omen du pilotak 1,5 euro balio dituela eta bigarrenak 0,5, baina erantzun zuzena da 1,25 eta 0,75. Delako pedagogo handi hark ez zuen orduan ondorioztatu matematiketan beti egiaztatu behar direla emaitzak : “Ariketa horren bidez zuhaurrek frogatu duzue gizakiak intuizioa arrazoimenari gaina hartzera uzten duelarik, okerreko bidea hartzen duela. Irakasle gisa, zuen lana izan behar da, beraz, klaseetan haurren intuizioak isilaraztea, eta haien arrazoimena garatzea”.

Hots, gizon haren bidez, Hezkunde Nazionalak galdetzen zigun ikasleak delako robotak bihurraraztea, naturalki ager zitzaketen “intuizio” basak beren baitan zentsuraraziz. Delako puntako ikerlari hark, bere demostrazioarendako autoritate babeslea beharrezkoa balu bezala, espantagarriki bururatu zuen: “Ondorio hori, ez dut nik asmatua: ekonomian Nobel saridun ospetsu bati zor diot, Finn Erling Kydland jaunari hain zuzen”. Ekonomialari ultraliberal horren ustez, ekonomiaren funtzionamendu harmoniatsuaren oztopo nagusia da gizakia bera, automatek ez bezala ukan dezakeelako ustekabeko ihardukitzea gertakariei aurre egiteko.

Hara, beraz, Frantziako Hezkunde Nazionalak ikuskari eta pedagogo ofizialen bidez proposa ditzakeen “formakuntzak” 3 eta 15 urte arteko haur eta gazteen irakasleentzat: lehen ez bezala, orain ahoan bilorik gabe galdegina zaigu klasean dauzkagun neska eta mutikoen sentsibilitatea, intuizioa edo irudimen gaitasuna mututzea, hondarrean ekonomia ultraliberala hobeki ibilarazteko. Zinez ahalkegarri eta oldargarri iruditu zitzaigun saio hura han bilduak ginen irakasleei. Nehoiz baino gehiago, oraingo haur eta gazteei beren emozioak adierazteko eta beren sorkuntza gaitasuna lantzeko une eta tresnak eskaini behar dizkiegu helduok, batez ere sozialki transmisio ardura dugunok.
 

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide