Möet & Chandon sagardoa

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2018ko urtarrilaren 14a

Urte arteko egun xelebreak amaitu dira, lurretik sortutakoetatik jan eta edan batean osatzen diren egunak. Hobebeharrez, onenetik onenera janedan ere. Ustez. Kaba eta xanpain botila astunak erraz dantzatzen dira. Gaur egun askotarikoak badira ere eskuera, lehen beste upeleko sagardoa zen. Xanpain aukera urria zenean aparteko sona zuen “Champagne” sormarkako Möet & Chandon izenekoak.

Bernardo Aurkia Lizarribar Leaburun jaiotakoa berroigeitaka urtetan aritu zen Saran apaiz. Musikazale amorratua, errebotea ere maite zuen, inondik ere, eta ahal zuenean Zubietara etortzen zen Sarako errebote taldeak partidaren bat jokatu behar zuenean. Jokatu ondoren jolasera, partida bukatutakoan, errebote plazaren aldamenean zegoen Aizpuruako sagardotegian biltzen ziren zintzurkoiak. Gure aita, bertako alaba Joxeparen semea, ederki gogoratzen da sagardo hurrupa zanga-zanga edaten zuenean Don Bernardok esaten zuenaz: “Hau Möet & Chandon baino hobea duk” edo “ez zagok honelako Möet & Chandonik”. Sagardoa ere maite zuen.

Industriala erabat M&C xanpaina bera ere izango da, urtean 26 milioi botila ekoiztu eta saltzen omen ditu behinik behin. Hala ere, gaur xanpain hori gaindituko duten sagardo bizi pindartsu gutxi izango da. Etxeetan norberarentzako, ez saltzeko, egiten diren sagardoek ere gero eta sagardo industrialen tankera handiagoa dute.

Sagardoaren munduan etorkizun oparoa usaintzen da. Merkatuan ditugun sagardo gehienak oso ezagunak diren izen handiko sagardotegietakoak dira. Industrialak, alegia. Sagardo horiek zaila dute Don Bernardoren gustuko izatea. Arrazoi asko dago: sagar aukera motza da egun, ekoizpen industrialaren antolaketak berak zailtzen du kalitate goreneko edari bat egitea, sagardogintzaren mundua ez dago kalitate bereiziak sortzeko eta sustatzeko egokitua.

Jendea ari da, ordea, bere kasa langintza honetan: etorkizuneko sagardo bereziak lantzen. Gero ere xanpaina oinperatzeko gaia izan dezaten.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide