Elikadura burujabetzaren eta nekazaritza iraunkorraren bidean lanean diharduen dinamika da Etxalde mugimendua. Duela zenbait urte, mugimenduko emakumeek taldea osatu zuten emakume baserritarren problematikari erantzuna emateko eta baserritarren borrokaren eta feminismoaren arteko aliantzak sortzeko. Udazkenean antolatu zuten Etxaldeko emakumeen lehen auzolana, eta orain, berriz, negukoaren garaia iritsi da: urtarrilaren 27an eginen dute Antzuolako Pikunieta baserrian.
Esti Redondo Etxaldeko emakumeetako partaideak azaldu duenez, taldearen helburuak mugimendu feministaren barruan elikadura burujabetzaren aldeko borroka txertatzea eta baserritarren mugimendua feministago egitea dira, besteren artean: “Gure egitasmoen artean zegoen auzolanak egitea, iruditzen baitzaigu auzolanak modu polita direla herri eta hirietako feministak eta baserritar feministak espazio berean elkartzeko”.
Hiri-herri eta baserriaren arteko zubigintza horretan, elkarren berri izateko ez ezik batzuen zein besteen lanaren aitortza egiteko ere balio dute auzolanek, baita zonalde berrietara iritsi eta baserrigintzan dabiltzan beste emakume eta egoerak ezagutzeko ere. Botere asimetriei buelta emanen dieten espazioak sortzea da asmoa. Udazkeneko auzolanean Zeberioko (Bizkaia) Basortu proiektuan aritu baziren sagar biltzen, neguko honetan Antzuolara (Gipuzkoa) mugituko dira artzain bati laguntzera.
Pikunieta baserriko Josebe Blanco artzainari bere korta margotzen lagunduko diote auzolanean, urtarrilaren 27an. Artzaintzan diharduten emakumeen errealitatera hurbiltzeko aukera izanen dute, beraz, gerturatzen direnek. Ondoren, elkarrekin bazkaria eginen dute.
“Udazkeneko auzolanean 15 emakume inguru elkartu ginen, Zeberio inguruko baserritarrak eta Bilboaldetik hurbildu ziren feministak. Egun polita izan zen, sagar asko bildu genuen goizean, eta gero denak zuhaizpean bazkaldu genuen, jaten eta hizketan, leku batean eta bestean zertan ari ginen kontatzen…”. Parte-hartzaileek balorazio oso positiboa egin zuten, eta horregatik erabaki zuten dinamikarekin aurrera jarraitzea. Urtaro bakoitzeko, auzolan bat.
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.