Angelu itsuak

Arantxa Iturberen narrazio-bildumek inkomunikazioaz jarduten dutela aipatu izan da maiz: gaizki ulertuak dituztela ardatz, esan gabekoak, isildutakoak. Bada halakorik Honetara ezkero bilduman. Baina, hartu-emanetan sorturiko erritual zein kodeez dihardute batik bat.

Hogeita bederatzi eszena eta pieza laburrez osaturik dago bilduma, eta batasuna igartzen da tonu, giro, erritmo zein ikuspegian. Pieza narratibo guztietan egunero elkarren ondoan dagoen jendea irudikatzen zaigu (senideak, lankideak, bikoteak, adinekoak eta zaintzaileak…). Pertsonaien mundu-ikuskera zartatu egiten da narrazio hauetan, hurkoari buruzko irudia lehertzen zaielako: keinu batek mesfidantza sortzen du, hizketaldi batek nortasunaren ertz berri bat ikusgarri egiten du… Hurkoaren gogo zein asmo antzemanezinak angelu itsu bilakatzen dira, elkarrengana hurbiltzeko horma, susmoen iturri. Hurkoaren irudia auzitan, eta baita protagonisten irudia ere, hurkoa dutelako nortasuna eraikitzeko ispilu nagusi. Ispilu hautsiaren aurrean, askotariko bideak hartuko dituzte: ispilua berreraikitzeko ahaleginari eutsi, ispilu berriak bilatzeko asmoari lotu, kristal hautsiek sorturiko zaurietan izoztu…

Haustura horiek kontatzeko ikuspegi jakin bat jorratu da: narratzaile gehienek ahots hotz eta urrun bat gorpuztu dute, afektu eskasekoa. Izan ere, zentzuz eta tentuz jokatu beharrak itsukeriara daramatza pertsonaiak, nor berean tematurik, eta ezinezko zaie bestearen larruan jartzea. Hoztasun horren bidetik eraiki ditu narraziorik indartsuenak (Profanazioa, Etxea, Terapia, Atea, Begirada, Apustua).

Narrazio askotan angelu itsuak sortu ditu, isilune eta elipsi ugari. Ezustekoak eta zartakoak sortzeko oso teknika aproposa; baina, jauzien ondorioz, zail egin zait narrazio batzuen haria ongi segitzea lehen irakurraldian (Potroak, Pena, Gonbita). Bigarren irakurraldian, aldiz, ahotsak ongi identifikatu eta hariak ongi josita zeudela ohartu naiz. Hortaz, hainbat narraziotan teknika narratibo ere bilakatu du ispilu hautsien irudia, kode hautsiak gorpuztu baititu maiz (elkarrizketetan, osagai narratiboen segidan, jauzietan…), eta piezak josteko gonbidapena egiten digu.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide