Ez jo berriro, Sam

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2018ko martxoaren 18a

Berriki Nafarroako liburu dendek 2017ko euskarazko liburu onenaren saria eman dioten liburuarekin nator: Caliban eta sorgina. 2004an ingelesez, 2010ean gaztelaniaz eta iaz heldu zen euskaraz gure artera Edurne Lazkano eta Aitor Arrutiren lanari esker.  

Liburukote sexya da (ia 500 orrialde ditu), neuronentzako kitzikagarri, pentsatzeko eta begirada kritikoa garatzeko aukera ematen digulako Silvia Federicik lan mardul honetan. Gaia sorgin-ehiza da, nagusiki Europan gertatu zena, baina Amerikan eta Afrikan ere aurkitu daitekeena. Erdi Aroaren amaieran hasi zena, baina egun, oraindik, munduko zenbait lekutan arrastoak utzi dituena. Gainera, Europako sorgin, Amerikako kolonizatu eta Afrikako esklaboen arteko konexioak egiten ditu begirada zabalduz.

Egileak dokumentazio lan izugarria egin du eta balio handiko ekarpen teorikoa: sorgin-ehiza sozialki, ekonomikoki eta politikoki kokatu du eta historia berrirakurri digu ikuspegi feminista batetik, generoa, klasea eta arraza kontuan izanik.   

Lehen kapituluak aurrekariak emango dizkigu Erdi Aroko matxinada giroaren berri emanez. Bigarren kapituluan kapitalismoaren sorrerari buruz hitz egingo digu, eta erakutsiko zein mekanismo jarri ziren martxan sistema feudaletik sistema kapitalistara pasatzeko eta sorgin-ehizaren funtzioa zein izan zen argitzeko. Hirugarren kapituluan gorputzaren desjabetzeari buruz arituko zaigu, eta sexu politiken sorreraz. Laugarren kapituluan sorgin-ehiza Europan nola gertatu zen aletuko du hitz, grafiko eta irudien laguntzaz. Bosgarren kapituluan, amaitzeko, “Mundu berri”-ko kolonizazio eta kristautzea izango ditu hizpide, eta metropoli eta kolonien arteko urre, zilar, diskurtso eta irudikapen joan-etorriak agertuko dira.

Lurra, gorputza, harreman sareak eta gizatasuna erauziz eta zigorrak, propaganda eta beldurra hedatuz ordena berria nola ezarri zen kontatuko digu. Botere harremanak onartzen ez zituzten erresistentzia taldeak birrindu zituztela postulatuz, bereziki emakume pobre zaharrak: “Emakumea zapalduz, klase agintariek proletariotza osoa azpiratu zuten”.

Liburu batzuek, pelikulek bezala, soinu banda dute, eta honek, niretzat, Reincidentesen La historia se repite du. Liburu aproposa orain irakurtzeko. Martxoaren 8ko greba mundialaren inguruan.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide