Aitañi pixontzi

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2018ko mar. 25a, 00:00

Udaberrieroko gogoari ezin eutsi aurten. Neguak gorritutako belaze batzuk berdetzen hasi ordurako urteko lehen soinekoa janzten dute, jantzi ikusgarria, hori-horia. Lore multzo borobil nabarmena irekitzen du txikori-belarrak (Taraxacum officinale) sasoi honetan. Jose Maria de Lakoizketak bere 1888ko liburuan “galkidea” deitzen du eta argibideetan “gariaren kidea” edo “gariaren garaikidea” dela dio, udaberriaren hasieran hazten delako. Txikoria ere deitzen zaiola dio.

Izen ugari du txikori-belarrak. Galkideaz gain orikatxa, txikori orikatxa, txikuri, xikori, zikore eta sorgin-belarra behintzat bai. Aitañi-lili izena ere jasoa dago, Zuberoa aldean, agi danean. Javier Irigarayk 1976an argitaratutako Estado actual de la onomástica botánica en Navarra (II) liburuan “pixakama” eta “pixakamas” jasoak ditu.

Frantsesez pissenlit, pisseau-lit edo pisse au lit deitzen dute, besteak beste. Katalanek ere pixallits deitzen dute. Itxuraz pixa egitea eragiten du, herba urinaria deitzen zioten aspaldi. Udaberrian gorputzaren garbitasuna egiteko hartzen da bere ura, giltzurrunak eta abar arazteko, alegia. Diuretikoa da, pixagalea sortzen du, eta zenbaitek ohean ezin eutsi pixari. Aitañi-lili ere hortik ote datorkio?

Landare osoa jangarria da eta ez nolanahikoa. Udaberriko hosto berriak entsaladan jaten dira, mikatz punttu polita dute; entsaladan azukrearekin hartzeko gomendatzen duenik ere bada. Heldutakoan mikaztasuna areagotuta ia inork ez du jaten. Lore-kuskuak ireki aurretik oso goxoak dira, gordinik entsaladan edo kaparrak (Capparis spinosa) bezala ozpinetan eta gatzetan onduta. Sustrai lodikote bat osatzen du, eta eskasia garaietan kafearen ordezko edo osagarri bezala erabili izan da, ondo lehortu eta eho ondoren. Espainian, adibidez, 1958ko urtarrilean legeztatu zen erabilera hori.

Udaberriaren soineko hori horri omen egin eta bere burua berritu nahi duenak har beza landare osoaren 60 bat gramo, litro bete uretan egosi eta basokada bat hartu otorduen aurretik. Kontuz ohean!

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide