Eba Blanco eta Maiorga Ramirez, epaitegietan aurrez aurre

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2019ko aza. 6a, 20:59

Eba Blanco eta Maiorga Ramirez, EAren bi sektoreetako ordezkariak. / Euskalerria Irratia eta Argia

Asteazken honetan EA alderdiko bi sektoreetako ordezkariak aurrez aurre jarri dira epaitegietan. Alderdiko afiliatuen zerrendetara sarbidea edukitzea da auzi judizialaren muina, baina sakonagoko arazoak ere agerian geratzen ari dira azken hilabeteetan.

Eusko Alkartasuneko (EA) sektore ofizial eta kritikoak aurrez aurre jarri dira asteazken goizean auzitegietan, afiliatuen erroldaren inguruan dituzten desadostasunak argitzeko eta, ondorioz, alderdiko idazkaritza nagusia aukeratzeko primarioak erabakitzeko. Bi parteak Gasteizko lehen auzialdiko 7. zenbakiko epaitegian egingo den ahozko ikustaldira deituta daude.

Epaiketa Eba Blanco EAko idazkari nagusi izendatu eta gero egin dute. Sektore kritikoa izendapen horrekin desados egon arren, azkenean ez du beste hautagaitzarik aurkeztu; izan ere, alderdiko hauteskunde-batzordeak Maiorga Ramirez sektore kritikoko ordezkariarena baliogabetu zuen, buruzagi nafarrak aurkeztutako 400 abaletatik bostetan forma akatsak zituela argudiatuta –Blancok 60 aurkeztu zituen–.

Alderdiko Berme Batzordeak arrazoia eman zien kritikoei eta Blancoren izendapena baliogabetzeko agindu zuen, baita Ramirezen hautagaitzaren birgaitzea ere; baina EAko zuzendaritzak uko egin dio militanteen artean primario berriak deitzeari.

Korapiloak kapitulu asko ditu aurretik: irailean kritikoek auzitegietara jo zuten afiliazio datu guztiak eskura izateko, argudiatuz alderdiko zuzendaritzak eskaintzen zien hautesle errolda bakarrik kontsulta zezaketela. Haien ustez, zuzendaritzak ez du betetzen alderdiaren Berme Batzordeak erroldaren inguruan emandako ebazpena; izan ere, bi aldiz agindu zion zuzendaritzari afiliatuen datu guztiak exekutiba nazionaleko kide guztien esku uzteko, bien bitartean primarioen prozesua ezin zela martxan jarri adieraziz.

Pello Urizarrek ekainean alderdiaren zuzendaritzan dimisioa eman izanak eta primarioen ondorengo deialdiak berriro ireki ditu EAko bi sektoreen arteko barne-zauriak. 2017ko kongresuaz geroztik, kritikoei boto gutxigatik irabazi zieten ofizialek, eta aurrez aurre daude alderdiak EH Bildu koalizioan izan behar duen profila dela eta. Kritikoen ustez, egungo noraezak EAren "diluzio eta desagertzera" eramaten ditu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide