Urduña: Ekoizleek, herritarrek eta Udalak agroekologia ardatz hartzen dutenean

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2021ko urt. 6a, 08:00
Lendoñogoitiko abeltzain familia bat. / Argia

Artikulu honek udalgintza eraldatzailearen adibide praktiko bat azaltzen du: Urduñan elikadura burujabetza ardatz hartuta azken urteetan garatu duten proiektua. Udalgintza eraldatzailea gaian sakontzeko, Larrun aldizkariaren azken zenbakia irakur dezakegu.

Urduñako agroekologia trantsizioaren proiektua 2006an hasi zen, Ekoizpen Urduña zerbitzua martxan jarrita. Udalak eta herriko eragileek egin zuten hausnarketa prozesu baten ondorioz iritsi ziren zerbitzua martxan jartzera: 2000. urtetik herriak krisi egoera bizi zuen eta etorkizunera begirako proiekzioa egiteko beharra sentitu zuten. Hausnarketan erabaki zuten apustua turismoa, komertzio txikia, eta lehenengo sektorearen alde egitea. Lehenengo sektoreak ikusi zuen lurrari lotutako ekoizpenaren alde egin behar zuela eta abeltzaintza ekologikoa izan zitekeela etorkizuneko aukera.

Hasieratik agroekologia

Ekoizpen Urduña zerbitzua 2006an martxan jarri zenean elikadura burujabetza finkatu zuen helburu gisa eta lan marko modura agroekologia. Hasierako hiru urteetan lehenengo sektorearekin lanketa egin zuten: “Helburua baserriei bideragarritasun ekonomikoa bilatzea zen. Baserriz baserriko lanketa egin zen, ekoizpen kostuak identifikatzeko. Ondorioa izan zen bi eremutan lan egin behar zela: batetik ekoizpen gastuak murrizten, eta bestetik azken kontsumitzailerainoko bidea lantzen, horrela diru-sarrerak handitzen zirelako. Modu horretan baserritarrek ulertu zuten zer zen agroekologia eta ikusi zuten marko teoriko horrek onurak ekartzen zituela beren baserrirako, eta gainera, etorkizuneko erreleboari begira, etxeko gazteentzat aukerak sortzen zituela”. Pozik dio Marijo Imaz teknikariak denborarekin erreleboa gauzatu dela zenbait baserritan.

Herriko sukaldean bertako jakiak

Hasieran trantsizioaren narratiba asko oinarritu zuten lehen sektorean, ekoizpen ereduan... “Baina udalak ikusi zuen diskurtso hori ez zela herritar guztiengana iristen. Guztiengana iristen zen gai transbertsala elikadura sistema zela ulertu zuen eta 2009an narratiba aldatu zuen, komertzio txikiak eta industria proiektura hurbiltzeko”.

Tokiko kontsumoa sustatzeko ordura arteko urratsak ongi baloratzen zituen udalak: baserritarren merkatua abiatu izana, tokiko komertzioaren eta baserritarren arteko aliantza sortzea, kontsumo taldeak dinamizatu izana... “baina ikusten zen norbanakoen kontsumoan eragitea zaila zela. Orduan, udalak kontsumo kolektiboan jarri zuen fokua: udalak eredu ematea, sentsibilizazio kanpainarik onena baita udalak bertako produktuak kontsumitzea”. Zaharren egoitzako sukaldea aldatu zuten bertatik egoitzari eta ondoan duen eskolari zerbitzua emateko. “Erosketa publikoa egiteko pleguak atera zirenean irizpide agroekologikoak sartu zituen udalak. Ondorioz, aukeratutako banatzaileak hurbileko baserritarrak izan ziren”. Sukaldea kudeatzeko zerbitzua kanpora aterea zegoenez 20 urte lehenagotik, oraingoz ez dute aukerarik bilatu langileak publifikatu edo kooperatibizatzeko, eta proiektuari ekiteko aurkitu zuten irtenbidea kontratua banatzea izan zen: pertsonala alde batetik kontratatzea eta elikagaien erosketa bestetik.

Udalaren konpromisoa eta hurrengo urratsak

Sektoreak bultzatuta, elikadura burujabetzaren aldeko manifestua sinatu zuen udal batzak 2012an. Lan teknikoari babesa emateko garrantzitsua dela dio Imazek: “Helburua da elikadura sistema gai transbertsal bat izatea udalean. Denborarekin lortu da irizpide agroekologikoek beste udal ordenantza batzuetan eragina izatea: batez ere lurzoru publikoen erabileren inguruan”. Urduñak lur komunalak ditu, eta ordenantzen bidez lehentasuna eman diete nekazaritzatik %100 bizi diren baserritarrei, “bestela gazteek ez baitzuten modurik abeltzaintzan hasteko”. 

Abeltzainen elkarteak bultzatu eta udalaren babesa duen hurrengo erronka elikagaiak transformatzeko obradore kolektiboa jartzea da. Proiektu hau haragiaren elaborazioari buruzko formazioa eskaintzen erreferentea izatea nahi dute. Eta 2021. urtean hurrengo 10-15 urteetarako elikadura estrategia berrikusiko dute. Hori ere, orain arteko guztia bezala, prozesu parte-hartzaile bidez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide