"Kongresuan galtzen badute, berriro esango dute iruzurra egin dela"

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2021ko urr. 2a, 19:59

Eba Blanco EH Bilduren ekitaldi politiko batean./ Aiaraldea.eus

Eva Blanco (Amurrio, 1973) 2019an izendatu zuten EAko idazkari nagusi, Pello Urizarrek dimititu ondoren. Barne giro liskartsuan eraman behar izan du aurrera bere agintaldia. Baina arazoak atzeragotik datoz, gutxienez 2017ko kongresutik. Familia barruko gatazkak dira mingarrienak eta EAn mina uki egin daiteke sektore batera edo bestera gerturatuta. Labankada artean hurbildu gara Eusko Legebiltzarrera –EH Bilduko legebiltzarkidea ere bada–, alderdiaren barruko bere ikuspegia ezagutu nahian.

2021ean egin behar zen EAren kongresua. Uztailean sei hilabeteko epea beharko zela aipatu zenuen. Azkenean, 2022ko otsailean egingo da?
Datorren otsailaren azken astean edo martxoaren lehenean egingo da, eta ez nik esaten dudalako, Batzar Nazionalak hala adostu duelako baizik. Orain arte pandemiagatik atzeratu da, prozesuaren barruan gaude eta orain ponentziak landu behar dira. Garrantzitsuena da erabakitzea zein norabide politiko hartuko dugun, eta hori afiliatu guztien artean erabakiko dugu. Alderdiko zuzendaritza ere hautatuko dugu. Gure estatutuek agintzen duten bezala, oso prozesu parte-hartzailea eta gardena izango da. Hortik ez gara mugituko.

Sektore kritikoak eskatu dizue kongresua elkarrekin prestatzeko mahai  bat, kongresuaren joko arauak adosteko, bestela ez direlako fio zuekin.
Hainbat gauza batera eskatzen dituzte, besteak beste, azken epaiari [2021eko uztailekoa] zuzendaritzak helegiterik ez jartzea eta kongresuaren joko arauak adostea. Azken honek ez du ez hanka ez buru, joko arauak gure araudian daudelako. Helegiteari buruz dena da oso bitxia: haiek sartu zioten lehen salaketa alderdiari eta galdu zuten; gero helegitea jarri zuten, epe guztiak agortuz prozesua luzatzeko eta ondoren, haiei interesatzen zaienean, eskatzen digute helegiterik ez aurkezteko.

Edozein kasutan epai horretan, haiek zartako handia jaso dute, epaiak esaten duelako, afiliatuen datu-basearen sarbidea erabili nahi zutela Maiorgaren alde jokatzeko. Epaiak, bai lehenengo instantzian bai bigarrenean, esaten du berme batzordeko kide batzuek zuzenbidearen aurka aritu zirela, eta suposatzen da, organo horrek zuzenbidea zaintzeko jokatu beharko lukeela.

Espedienteak bertan behera uzteko eskatzen dute, baina ez dira gureak, afiliatu batzuek jarritakoak dira eta zuzendaritzak ez du horiek bertan behera uzteko eskumenik. Horrez gain, zuzendaritzako kide diren Iker Ruiz de Egino eta Mariano Alavaren aurka salaketak jarri zituzten zigor bidetik, baina horiei buruz ez dute ezer esaten. Hori oso larria da.

Eta, azkenik, proposamen hori hedabideetan egiten dute, baina adostasuna nahi denean diskrezioa eta isiltasuna erabiltzen dira lan egiteko. Horrela ez dute sinesgarritasunik. Haiek behartuta, nik ere hedabideen bidez erantzun nien. Egunero-egunero jarraitzen dute prentsan, erasoan oso era bortitzean, eta batez ere nire aurka.

 

"Orain ere, kongresua irabazten badute, onartuko dute eta kito, dena amaituko da. Eta galtzen badugu, guk onartuko dugu. Baina haiek galtzen badute, berriro ere esango dute iruzurra izan dela"

 

Atzera egin eta azter ditzagun mesfidantzak. 2017ko kongresuan lehertu zen guztia. Zuek hamalau botoren aldearekin irabazi zenuten eta Pello Urizar atera zen idazkari nagusi...
Adi baina, ez dira afiliatuen hamalau boto, konpromisarioena baizik eta horietako bakoitzaren atzean hainbat boto daude.

Sektore kritikoak pentsatu zuen tarte txikia zela eta mesfidantza zuten horien atzean agertzen ziren botoei buruz, eta horregatik eskatu zuten afiliatuen errolda ikusi ahal izatea. Dirudienez, eskaera hori onartu balitz, gero etorritako arazo asko saihestu zatekeen.
Hasteko, arazoa ez da hori. Saskibaloi partidu batean inork ez du zalantzan jartzen puntu batekin irabazi izana. Irabazi da eta kito, baina haiek ez zuten onartu galdu zutela eta harez geroztik etengabe jartzen dute hori zalantzan. Muina ez da afiliatuen datu-basea, horretan oso ongi jokatu dugu eta, Datuen Babeserako Legearen arabera hain zuzen, eta hala onartzen dute bi epaiek.

Sektore horretako koordinatzaileek badute eskubidea datu batzuk ezagutzeko, baina ez datu-base osoa eskuratzeko, legez hori ezinezkoa baita. Eta eskerrak ez genuela hori egin, epaiak orain arrazoi eman digu eta.

Nik ulertu izan diedanagatik, haiek ez dira fio hamalau boto-konpromisario horien atzean egon litekeenaz. Hori ikusi ahal dute?
Haiek nahi duten moduan janzten dute arazoa, baina muinean da ez zutela onartu galtzea. Orain ere, kongresua irabazten badute, onartuko dute eta kito, dena amaituko da. Eta galtzen badugu, guk onartuko dugu. Baina haiek galtzen badute, berriro ere esango dute iruzurra izan dela. Ulertzen? Nik ere ez dut inoiz datu-basea ikusi.

Iragan uztaileko epaiaren zati bat aipatu duzu, datu-basearen kasuan zuei ematen dizue arrazoia, baina primarioen auzian ez, eta esaten du ez zenutela prozedura egokia erabili, Maiorga Ramirezen hautagaitza kaltetuz.
Primarioen araudia EAko afiliazioak egin, eztabaidatu, emendatu eta onartu zuen, gure araudi guztiak bezala. Epaiak dio talka dagoela guk ditugun bi araudiren artean eta primarioetako araudia berritu beharko genukeela antolakuntza araudiarekin talka egiten duelako. Nire izena edo izendapena ez dira epaian agertzen. Epaiak ez du esaten ni gaizki izendatuta nagoela, hori ere esan dute eta. Ni ez nago primarioetako prozesu batean izendatuta, botere hutsune baten aurrean, ni Batzar Nazionalak izendatu ninduen. Maiorga Ramirezek izan zuen aukera prozesu hartan sartzeko, baina ez zuen nahi izan. Beraz, epaiak esaten du beste primario prozesu bat egin beharko litzatekeela, baina dagoeneko kongresu garaian gaudenez, horrek orain ez du zentzurik, kongresuan bertan zuzendaritza berria ere aukeratuko delako.

Baina epaian hitz egiten da kontu zehatzagoez ere. Adibidez, esaten da Iparraldeko afiliatuen zerrenda oso berandu pasatu zitzaiola Ramirezi –20 afiliatuetatik 5 lortu behar zituzten–, aurkeztu beharreko arratsaldean bertan, eta ez zuela behar zituen abalak lortzeko denborarik. Horrez gain, haiek 400 abal zituzten.

Afiliatuek hala erabakita, primarioetako araudiak zioen guk herrialde bakoitzetik bost abal lortu behar genituela. Honen atzeko filosofia hau da: EAko idazkari nagusi izateko, nazio guztian zehar izan behar duzu gutxiengo babesa. Araudiak guztira 50 abal eskatzen zizkidan eta nik, kautelaz, 60 aurkeztu nituen. Gero diote haiek 400 aurkeztu zituztela, nire 60ekin kontrajarriz. Nik bete nuen araua, haiek ez. Igeri txapelketa bat jarriko dut adibide gisa, 400 metroko lau estiloetakoa: laurak bete behar dira eta ez 400 metro tximeleta estiloan. Hori gertatu zen.

Eta Ramirezi zerrenda hori azken egunean emateaz?
Ni ez naiz hain xehetasun handietan sartuko. Epaiak askoz gauza gehiago esaten ditu, eta oso garrantzitsuak gainera.

Ba al du zentzurik zuen arteko desadostasun hauek epaitegietan atzera aurrera ibiltzea? Epaileek ez dizkizuete konponduko zuen arteko arazoak.
Hala da bai, baina guk ez genuen erabaki epaitegietara joatea. Haiek erabaki dute alderdia eta afiliatuen erabakiak auzitara eramatea, eta luzatu ere hainbeste luzatu da haiek luzatu dutelako errekurtsoz errekurtso. Alderdia epaitegietan dago, ez da inoiz halakorik gertatu. Haiek uste dute kongresuan galdu zutena, Nazio Batzarrean etengabe galdu dutena, epaitegietan eta hedabideetan irabaziko dutela.

Kanpotik ez dakigu Nazio Batzarrean zer gertatzen den, baina haiek indarra erakusten duten datu esanguratsuak ere aurkeztu dituzte: aipatu 400 abalak, 600 afiliatu ezohiko kongresua eskatuz, hiru lurraldetako koordinatzaileak dituzte, oker ez banago Hegoaldeko lau hiriburuetakoak ere bai...
Bai, hiru herrialde ordezkatzen dituzte, baina horrek ez du esan nahi herrialde horietako denak euren alde daudenik, eta gainera, ez dute kontraste hori egiten. Eurek kongresu bat eskatu zuten, orain badugu martxan eta espero dut inork ez jartzea eragozpenik hura egiteko.

"Alderdia benetan maite badugu, gure esku dagoen guztia egingo dugu bizirik mantentzeko”

 

EA EH Bildun nola egon behar den izango da kongresuko gai nagusietakoa. EH Bildu alderdien koalizio izatea aldarrikatzen dute kritikoek, baina oker ez banago hori ez da posible orain, 2017an EH Bilduk alderdien federazioa izatea erabaki zuelako.
Eta orduan Baluarten sinatu zenarekin ados ziren. Hamar urteko atzerapausoa planteatzen dute eta hori ezinezkoa da. Beti dago EH Bildun gure kokapena hobetzeko tartea, baina nik beste arazo bat ikusten dut: eurek ez dute sinetsi zer den EH Bildu. Eusko Alkartasuna EH Bildu da. Eta kontrakoa planteatzen dute, gu EH Bildutik kanpo egotea eta harekin beste harreman bat izatea. Hori da EH Bildu zer den ez ulertzea, eta hamar urteko atzerapausoa ematea.

Irabazten badute oso egoera berezia sortuko dela aurreikus liteke.
Euren erantzuna da, hori nik ezin dut erantzun.

Sortu EH Bildu fagozitatzen ari dela entzuten duzunean zer pentsatzen duzu?
EH Bildu alderdiak gara bai, baina baita beste pertsona asko ere, barruko alderdiekin identifikatzen ez dena. Hori da norabidea, pertsonak erakartzea. EH Bilduk gobernu bokazioa du, eta horretarako gero eta jende gehiagora zabaldu behar da. Ni oso identifikatua sentitzen naiz EH Bildu egiten ari den politikekin, eta egunero ikusten dut hori Eusko Legebiltzarrean: arlo sozioekonomikoan, justizia sozialaren inguruan, fiskalitatean, etxebizitza politiketan, gazteekin... Beste gauza bat da aurpegiez hitz egiten badugu. Baina zer, EAren garrantzia neurtuko dugu publikoki azaltzen diren pertsonen arabera? EAk bizi behar du eta gure aurpegiak agertu behar dira, baina garrantzitsuena EH Bildun egiten ditugun politikak dira, proiektu politikoa. Kritikoei ez diet entzuten eguneroko politika horiez hitz egiten, ez dute proposamen politikorik mahaigaineratu.

Edozein modutan, EH Bildu indartzen bada, barruko alderdiak denborarekin ahuldu egingo dira. Logikak hori esaten du.
EH Bildun alderdiak oso garrantzitsuak dira, aniztasun hori irudikatu behar da etengabe, baina haratago joan behar da, bestela biribilgune horretatik ez gara aterako. Oreka mantendu behar da, baina EH Bildu handitu ere egin behar da, herri eta nazio hau aldatu nahi dugulako. Beraz, zenbat eta jende gehiago hobeto. EH Bildu oposizioko lehen indarra da EAEn. Gure helburua gobernu indarra izatea da, eta horretan jarriko dugu indarra.

"EH Bildun alderdiak oso garrantzitsuak dira, aniztasun hori irudikatu behar da etengabe, baina haratago joan behar da, bestela biribilgune horretatik ez gara aterako"

 

EAk izan ditu hainbat zatiketa 35 urteko historian. Kongresura oso posizio desberdinetatik iritsiko zarete alde biak eta elkarrekin aurrera egiteak ez dirudi samurra. Ematen al dizu beldurrik EAko azken idazkari nagusia izatea?
Pello Urizarri galdera berdina egin zioten 2009an postua hartu berritan. Ez dut uste azkena izango naizenik, eta benetan alderdi hau maite badugu, gure esku dagoen guztia egingo dugu bizirik mantentzeko. Haize freskoa sartu behar da hau guztia konpontzeko. Hainbeste ika-mikarekin gure posizioa ahula da alderdi gisa eta nire asmoa da erakustea alderdia ez dela hedabideetan agertzen ari dena. Historia dugu eta hori buruan izan behar dugu, baina etorkizunera begiratuta.

Historia aipatuta, alde bakoitzak izango dituzue zuen historikoak, baina kritikoen alde agertu dira Garaikoetxea, Larreina, Ibarrondo... zaila da irudikatzea pertsona horiek EAri eraso egin nahi diotela.
Lehen ere esan dut, arazoa ez da hain politikoa, pertsonalista baizik. Errespetu osoa diot Garaikoetxeari, bere garaian egin zuenari eta alderdian suposatzen duenari, baina alde batean egoteak ez du laguntzen arazoa konpontzen. Bi aldeen gainetik egon beharko luke, alderdia josten laguntzeko.

Kataluniatik etorri berri zarete [Diadatik] eta hemen ere autogobernuaren gaia pil-pilean da. Zein da bidea, han eta hemen? Katalunian orain arte erabili duten konfrontazioarena, orain praktikatzen ari den Madrilekiko elkarrizketarena, edo biak batera?
Urkulluk atzo [eztabaida orokorreko osoko bilkuran] 1839aren aurreko egoerara itzultzea proposatu zuen, baina ez da ulertzen zergatik proposatzen duen XIX. menderako bidaia hori, hemen badugunean Legebiltzarreko autogobernu ponentzian adostu ziren estatus berrirako oinarri eta printzipioen inguruan akordio zabala. EH Bilduk eta EAJk sinatu genuen hura eta bien artean gehiengoa dugu. Gu hor gaude, Urkullu ez dakigu non dagoen. Zergatik Urkulluk ez dio heltzen akordio horri? Bada ausardiaz jokatzeko ordua. Eta bidea? Akordioa, eztabaida eta konpromisoa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide