Jarraian Administrazioarekiko Auzien Gasteizko 3. Epaitegiko epaile Martinez Navasen hitzak:
“Pertsona honek bere atsedeneko eta aisialdiko 1.295 ordu inbertitu izana eta esfortzu horren ostean Lehen Hizkuntz Perfila soilik lortu izanaren aurrean, badirudi Administrazioari ahaztu egin zaiola euskara munduko bosgarren hizkuntzarik zailena dela (zerrenda batzuetan lehena ageri da). Hizkuntza horren zailtasun nagusia da ez duela inongo loturarik beste hizkuntzekin, zeren denboran zehar bilakaera isolatua izan du. Horri gehitzen zaio egituraren konplexutasuna: hiztegiari dagokionez, hitzen esanahia aldatzen da ehunka atzizki, aurrizki eta artizki gehitzen direnean. Laudioko Udalak esan du 1.295 orduren ostean SOILIK lehen perfila lortu duela eta kontratua eten ziola. Horrek hizkuntza hau ikasteko ezohiko zailtasunekiko sentsibilitate falta erakusten du eta guztiaren gainetik nabarmendu behar da lehen perfila lortu zuela”.
Epaile horrek ebatzi du Amurrioko Udalak sei urtean hizkuntz perfila atera ez duen langile publikoari kontratua eten izana gaizki zegoela, eta berriro kontratatzera behartu du. Laudioko Udalak helegitea jarri dio epaiari, baina hala ere, albisteak zeresan handia eman du, batez ere zirkulu euskaltzaleetan, euskaldunen aurkako beste eraso gisa aurkeztuz.
Berria egunkariak jaso du epaile horrek inongo funtsik ez duen interneten aurkitako edukia kopiatu eta itsatsi zuela epaian, bere argudioaren sostengarri gisa. LABek adibidez, "euskararen kontrako neurria baino gehiago da, euskaraz bizi nahi dugun euskaldunon komunitatearen aurkako erabakia da, udalen autonomiaren aurkako erasoa da, injerentzia da, elkarbizitzaren kontrako sententzia da, komunitate ezberdinen berdintasunaren aurkako erabakia delako", salatu du.
"Udal langileek euskara ikas dezaten aukera guztiak eman zaizkienean, epaile honek esan duena esatea, ezin da ulertu ez bada euskararen aurkako berezko gorrotoa duelako. Administrazioaren betebeharra da koofizialtasuna bermatzea eta langile elebidunak dira bete behar hori bermatzeko gai diren bakarrak. Baina honen atzetik arazo larriagoa eta estrukturalagoa dago. Euskararen normalkuntzarako lege hura onartu zenetik 40 urte pasa dira, eta etsigarria da oraindik ere, 2022an horrelako erasoak jasatea", adierazi du sindikatu abertzaleak.
Epaile polemikoa
Epaile bilbotarrak iraganean hedabideen arreta deitu izan du behin baino gehiagotan. Batetik, 2018an El Mundo Today hedabide satirikoko erredakzioa mehatxatu zuen, “Espainiako ardien %90 helburu sexualekin hazten dira” albisteagatik, artzainei burla egitea egotzita.
El Correok bere garaian jaso zuenez, epaitegietan ere harriduraz hartu zuten epaile honen ekimena, "streisand efektua" eraginez eta albiste horri izugarrizko oihartzuna emanez berak.
Horri gehitu behar zaio El Mundo Today-ko kideek ironiaz erantzun ziotela Martinez Navas epailearen gutunaren argazkia jarriz sare sozialetan ondorengo mezuarekin: “Espetxera joaten bagara, izan dadila albiste honengatik mesedez”.
Si vamos a la cárcel, por favor, que sea por esto. pic.twitter.com/7ib6VvpOsx
— El Mundo Today (@elmundotoday) January 9, 2018
Bestetik, Ana María Martínez Navasek esku hartu zuen Galdakaon metro geltokira zihoan autobusaren auzien. Bizkaiko Aldundiak eskatu bezala, autobus lineak metro-geltokian amaitu behar zuela ebatzi zuen beste epaile baten neurriak bertan behera utzi zituen. Autobusa metro geltokitik 700 metrora geratzera behartu zuen. Gerora jakin zen, Galdakaoko alkateak ere salatu baitzuen, epaile hau autobusak zirkulatzen zuen kalean bizi zela eta hasieratik aurkako gisa posizionatu zela.