ADIERAZPEN ASKATASUNA

Solway multinazionalak ARGIAri mehatxu egin diola publikoki salatu dugu

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2023ko eka. 20a, 14:25

Argiako langileen agerraldia. / Argia

ARGIAko lantaldeak ezohiko prentsaurrekoa eman du asteartean, Mugarik Gabe GKEko kideekin batera. Bertan izan dira Euskal Herriko Emakume Migratu eta Arrazializatuen elkarteko kideak ere. Publikoki salatu dugu Solway multinazionalak ARGIAri eskatu diola Paolina Albani Guatemalako kazetariari eginiko elkarrizketa ezabatzea eta 15.000 euro ordaintzea. Ez dugu ezabatuko, ez dugu ordainduko, eta informatzen jarraituko dugu.

Solway, utzi ARGIA bakean: kazetaritza ez da delitua

Guatemalako kazetari bati ARGIAk egindako elkarrizketa bat ezabatzeko eta 15.000 euro ordaintzeko eskatu digu Solway Investment Group multinazionalak. ARGIAk ez du horrelakorik egingo eta kazetaritza independentea aldarrikatzeko baliatuko dugu erasoa.

ARGIAk apiril amaieran elkarrizketa egin zion Guatemalako Paolina Albani kazetariari. Prensa Comunitaria hedabidean kolaboratzen du Albanik, eta Mugarik Gabe GKEak gonbidatuta etorri zen Euskal Herrira. ARGIArekin hitz egin zuen, besteak beste, esku artean duten ikerketa bati buruz: Mining Secrets. Nazioarteko 65 kazetari daude tartean; esaterako, Suitzako RTS irrati-telebista publikoko kazetariak, baita The Guardian, Le Monde eta El País egunkarietakoak ere.

Zortzi milioi dokumentuko filtrazio bat jasota, kazetariek ondorioztatu zuten Suitzan egoitza duen Solway meatzaritza multinazionalak Guatemalan dituen bi filialek egindako kutsadura-txostenak ezkutatu dituela, tartean, herrialdeko lakurik handiena den Izabalekoa. Horrez gain, ondorioztatu dute zonaldean bizi diren komunitateen biziraupen-laboreei su emateko planak zituela Solwayk, tokiko liderrak erosteko diru-funtsak zituela, Guatemalako Polizia Nazionalari dirua bidaltzen ziola... Hau da, Solway taldeak haren baliabide finantzario eta politikoak erabili dituela Guatemalan haren interesen aldeko erabakiak har ditzaten.

Paolina Albani kazetariak kasu hori agerian utzi zuen ARGIAko elkarrizketan, eta azpimarra jarri zuen Solwayk hedabideekin duen jokabidean: Guatemalako hedabide nagusiak erosiak dituela zioen, eta diskurtso ofizialetik ateratzen diren kazetariak jazartzen dituela. Horretarako ausardia izan dutenek kartzela zigorrak eta heriotza mehatxuak salatu dituzte. Informatzeagatik kriminalizatuta daude.

Orain, ARGIA ere jo-puntuan

Solway multinazionalak Espainiako Estatuan duen abokatu bulegotik ARGIAk mehatxutzat hartu duena eskatu egin digute: Paolina Albani kazetariari eginiko elkarrizketa ezabatzeko eta 15.000 euro ordaintzeko. Horiek egin ezean, kasua epaitegietara eramateko mehatxua egin digute.

Publikoki ondorengoa erantzun nahi diogu urtean milioiak irabazten dituen multinazional horri: ez dugu elkarrizketa ezabatuko. Ez diguzue esango nor elkarrizketatu ahal dugun eta nor ez. Ez dizuegu dirurik ordainduko, eta gainera, gaiaz informatzen jarraituko dugu. Kontrakoa lortu duzue.

ARGIA zigortzen badute, mundu zabalean ingurumenaren defentsan ari direnek eta hedabide guztiek galduko dute. Horregatik, ARGIAren komunitateko kideei, gure irakurleei, kazetaritzaren sektoreari eta injustizia ororen aurka ari den orori babesa eskatu nahi diegu, kazetaritzaren independentzia defendatzeko. Salaketa honi oihartzuna emateko eskatzen dugu, eta balio dezala banaka eta isilpean egiten dituzten mehatxuei elkarrekin eta ozen erantzuteko, horrela bakarrik lortuko dugulako gelditzea.

Azkenik, Guatemalako Prensa Comunitaria hedabideari eta Paolina Albani kazetariari ARGIAren elkartasuna adierazi nahi diegu. Baita lankideon babes eta besarkadarik gozoena bidali ere Guatemalan lurraren defentsan ari diren herrientzat eta jazarri dituzten kazetari guztientzat. Solway gugana heldu eta mehatxu egiteko gai izateak sinesgarritasuna ematen die hango kazetarien salaketei.

Beraz, ozen esango dugu: kazetaritza ez da delitua.

Ez gaituzue isilduko.

Utzi ARGIA bakean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide