IÑIGO LAUDIO

“Gure historiak benetan kontatzen dituzten espazioak behar ditugu”

Erabiltzailearen aurpegia Olaia L. Garaialde 2026ko urtarrilaren 21a

Iñigo Laudiok utzia.

Diziplina anitzeko artista eta diska aktibista da Iñigo Martínez Sagastizábal (Bilbo, 1976). Iñigo Laudio izen artistikoaz ere ezaguna da. Hamar urte daramatza Bartzelonan, eta zortedun sentitzen da lan eremuan mutatzeko eta aldatzeko aukera duelako. Dantzaria, performance artista, aktorea eta idazlea da, besteak beste. Desgaitasunaren eta artearen inguruko gurutzaketaz gogoetatu eta fikzioan dauden gabeziak salatu ditu. Esate baterako, erreferente, espazio eta irisgarritasun falta aipatu ditu.

Gaztelerazko "discapacitade", "discapacitada" eta "discapacitado" hitzetik dator diska, eta hitz horrekin sentitzen da bereziki eroso Iñigo Laudio: "Geureganatu dugun hitza da. Uste dut asko definitzen nauela normatibitatearekin apurtzen duelako eta hizkuntza desobedientearen beste forma bat delako". Hala ere, uste du norberak nahi duen bezala izendatu dezakeela bere burua. Laudiok osteogenesi inperfektua edo kristalezko hezurren gaitza dauka. Hamar urte daramatza Bartzelonan bizitzen, eta bertan garatu du bere lan ibilbidearen zatirik handiena. Beste lan batzuen artean, Una quimera de vida (2023) idatzi du. Brunok, liburuko protagonistak, osteogenesi inperfektua dauka, eta haren egunerokoaz mintzo da liburua. 

Desgaitasuna eta fikzioa gurutzatzen direnean sortzen diren gabeziak salatu ditu Laudiok. Uste du erreferentzialtasun falta dagoela: "Disken kontakizun naturalak falta dira. Zineman edo istorioetan desgaitasuna duten pertsonak agertzen direnean heroiak edo biktimak izan ohi dira". Horregatik, ilusio handia egin zion Tronuen Jokoa-n osteogenesi inperfektua duen pertsonaia maltzur eta tirano bat egotea. Gaineratu du desgaitasuna duten pertsonek ez dutela espaziorik fikzioan: "Gure historiak benetan kontatzen dituzten espazioak behar ditugu. Gure desiretan eta beharretan oinarrituta egon behar dira. Ez baditugu gure errealitateak aipatzen, ez dira existitzen". 

“Performanceak egiten toki askotan egon naiz,  eta hainbatetan ezinezkoa zitzaidan antzeztea, ezin nuelako oholtzara igo edo komunera joan”

Salatu du ezohikoa dela egunerokotasunean edo eremu normatibo batean jarduten duen pertsonaia batek desgaitasuna izatea: “Disken film bat edo performance bat ikustera zoazenean diskak ikustera zoaz, ez delako naturala pertsona diska bat antzezpen edo dantza espazio batean egotea”. Desgaitasuna duten pertsonen egunerokotasuna sumatzen du faltan, eta etengabe erronkak gainditzen ari diren pertsonaiez nekatuta dago. Horregatik, uste du iruditegia zabaldu behar dela. Erreferenteak ere beharrezkoak direla dio; izan ere, iruditzen zaio kirolari paralinpikoak direla maiz iruditegi sozialean dauden erreferente bakarrak: “Espazioak okupatu behar ditugu, eta erakutsi oso desberdinak garela gure artean. Hedabideetan beti diskurtso igualek dute kabida, eta gainerakoak ez du interesik”. Nork bere mugak gainditzearen inguruko diskurtsoak alboratzeaz ere mintzatu da. 

Irisgarritasunik eza

Ikusten denaz aparte, pantailaren zein oholtzaren atzealdean egin beharreko lanaz ere mintzatu da Laudio. Uste du lan handia dagoela egiteke oraindik, irisgarritasun falta dela-eta. Laudiok gurpildun aulkia erabiltzen du: “Performanceak egiten toki askotan izan naiz, eta hainbatetan ezinezkoa zitzaidan antzeztea, ezin nuelako oholtzara igo edo komunera joan. Irisgarritasun faltagatik barkamena eskatzen dute, baina ez dago beste aukerarik oso prekarioa delako dena. Orduan, ezin gara kexatu eta dagoenarekin konformatu behar dugu”. Erakundeek antolatutako ekitaldietan ezjakintasun handiagoa dagoela nabarmendu du. Kolektiboen kasuan, aldiz, zaintza gehiago dagoela sentitzen du: “Galdetzen dizute zer behar duzun, nolakoa zaren, nola mugitzen zaren eta zure gorputzak nola funtzionatzen duen aintzat hartuta”.

Uste du informazioa tresna garrantzitsua dela; horregatik, azpimarratu du aldez aurretik dauden baliabideez eta gabeziez ohartaraztea lagungarria dela: “Esaten badidate ez dela komun irisgarririk egongo, horretarako prest egonen naiz. Baina ez da bidezkoa deus ez esatea, eta lardaskeria bat izatea”. Adibidez, Armugán (2020) filma grabatu baino lehen, galdetu zioten ea parte hartu nahi zuen, jakinda grabaketan ez zegoela irisgarritasuna bermatuta. Gehiena mendian grabatu zutenez laguntzaile bat jarri zioten: “Autonomiaren %90 galdu nuen, baina egindako lanarekin konpentsatu nuen”. Oso kontent dago emaitzarekin, eta oso polita iruditu zitzaion ikuspegia: “Ederra da ni bezala diska den pertsonaia bat antzeztea, baina gai nagusia ez izatea desgaitasuna, baizik eta heriotza eta beste”. Iruditegia zabaltzen duten lanak egiten jarraitzeko dei egin du. 

Gorputzeko atal bat?

"Eskuineko besoa eta eskua, orain nire sostengua direlako. Prozesu degeneratibo bat daukat, eta nire gorputzaren ezkerreko aldean mugimendua, koordinazioa eta indarra falta dira. Eskuineko besoarekin oso identifikatuta sentitzen naiz, egiten dudan guztiaren motorra delako. Mugitzen laguntzen dit, jaten ematen dit, sexualki akonpainatzen nau…" 

Artikulu hau Argia.eus atarian argitaratu da eta Creative Commons (CC-BY-SA) lizentzia baliatuta ekarri dugu hona.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide